Asteon izan da ETBn Gesto dokumentala ikusteko parada: indarkeriari aurre egin zioten herritarren historia. Xuban Intxaustik zuzendutako lana ia gauerdian eman zuten, tamalez. Interesik lukeenak egingo du, dena den, aurkitzeko modua. Ikusi beharrekoa da. Barrenak astintzen ditu, sekulako inarrosaldia ematen die oroitzapenei, bizipenei, guztiz orbandu gabeko zauriei. Gordin-gordin islatzen da garaiko giro ezin arnastuzkoa, ederki jasotzen du bortxazko ekintza bakoitzaren ondoren, bakea jartzen zuen pankarta beste armarik gabe, elkarretaratzen ziren gizon-emakumeen ekarpen ausart eta baliotsua. Haien mintzo isila jasanezin zi-tzaien aurrean jartzen zitzaizkienei, ETA, ¡mátalos! garrasika.
Non dago Mikel? dokumentalak ere barrua zeharo nahasita utzi gintuen duela urte bi eskas, eta gertakari lazgarri haien gomuta mingotsa ekarri digu gogora egunotako albiste batek: teniente jeneral mailarekin hartu du erretreta Arturo Espejok, Mikel Zabaltzaren hilketan erantzukizun zuzena izan zuen guardia zibilak. Hark hartu zuen bere gain bertsio ofiziala asmatu, nahieran itxuraldatu eta egiantza ematen saiatzeko ardura. Mikel Zabaltzaren hilketa ofizialki argitu gabe dago oraindik, ez da errudunik, ez zigorrik pairatutakorik. Kasuak sekretupean jarraitzen du. Sanchez Espainiako presidentea argi mintzatu zen gaiaz: “ez da bidezkoa estatuko segurtasun-indarren lan ona lorrindu nahi izatea, ezta zuzenbide-estatuaren funtzionamendu egokia zalantzan jartzea ere”.
1968an onartu zuten Sekretu Ofizialen Legea, frankismo minean. Geroztik egin zaizkion aldaketek ez dute Zabaltza kasua eta beste hainbat argitzeko zirrikiturik ireki. Segurtasun-indarren lan onak ezinbesteko du sekretua, antza, baina horrek ez bide du inondik ere zalantzan jartzen zuzenbide-estatuaren sinesgarritasuna. Barkamen eta erreparazio-eskea hitz hutsalak eta faltsuak dira norbere ardurak ukatzen eta ezkutatzen dituenaren ahotan. Espejoren erretreta loriatsua ez da pozoitutako justizia baten ispilua baizik.