Beti izan dira jazarritako haur eta nerabeak, beti jazarleak. Askotan eraso egiten eta min ematen ari direla konturatu ere egin gabe, hain ditugu barneratuak nagusikeriazko jokabideak. Beste askotan, ordea, espresuki min ematera joaten dira. Batzuetan whatsapp taldean blokeatuko dute, besteetan talde hura desegin gabe beste bat sortuko, bere kabuz ohar dadin aurrekoan inork ez idaztea ez dela normala, bazterrean utzi dutela. Zergatik? Zernahigatik. Estandarrez bestelako gorpuzkera duelako, betaurrekoak daramatzalako, larruazala pikorrez betea duelako, ikasle fina delako, lar zintzoa, edo futbolean traketsa, edo irakurzalea, edo intelektualki azkarragoa... Zer axola dio zioa zein den? Nagusikeriaz jokatu nahi duenak beti behar du norbait azpiraturik, umiliaturik, eta edozein huskeria da aski motibo gailen agertzeko.
Gipuzkoa erdialdeko herri batean nerabe bandaloak laineza hartuta dabiltza, irudimena beste mugarik gabe. Aspaldi gabe, igerilekuko sarraila bortxatu eta aingirak askatu zituzten uretan. Beste bati jenialtasun maila handiagoko ideia bat otu zitzaion: bertan kaka egitea. Balentria biribiltzeko, jakina, argazkiak atera eta hedatu zituzten. Putoamo gaituk, tio. Ez dakit egun hartan inori jazartzeko denborarik geratu zitzaien.
Ez dira haurren edo nerabeen jokabideak, gerora ere jarraitu egiten dute. Soldadutza madarikatu hartan hierarkia bera zen berez umiliagarri, soldadu puta bat zenbaki soil bihurtzeko ahala zemaien boterea, edo izendeiturak nahieran aldaraztekoa: “pues aquí te llamas Javier, porque se me pone en la punta del nabo.” Eta soldadu askok, geu bezain hutsal eta umiliatu zirenek, irri. Izan ere, hierarkia, botere-eskala bertikala, ez zen galoien edo izarren araberakoa soilik izaten, are mingarriagoa zen mailarik apalenean zeudenen arteko jazarpena. “Puto chivo, lávame la bandeja, que tú acabas de llegar y yo ya llevo cuatro meses”. Iritsi berria bakarrik harrapatuko zuten, beraiek beti taldean.
Taldeak eskasa eskasagotu baizik ez du egiten, norbere intseguritate eta gabeziak proiektatzeko behar izaten du. Bizitzak, ordea, lehentxeago edo geroxeago, beti aurkitzen du pertsonak ispiluaren aurrean jartzeko mementu egokia, norbere itzalaren bakardadean.