Zuek ez dakizue zer den gosea. Askotan entzun dugu esaldi hori edo antzekoren bat aurreko belaunaldietako pertsonen ahotsetan, gerra eta eskasia ezagutu dutenen ahoetan. Eta horrelakoak entzuteak pentsarazten dizu zibilizazioa aurrera doala, mundua gaur atzo baino leku hobea dela bizitzeko, pertsonen ongizatea eta zaintza bermatuago daudela gaur egun iraganean baino. Hala ere, une batzuetan errealitateak argazki beldurgarri bat erakusten dizu, zure itxaropena zapuztuz. Azkenaldian Gazatik datozen irudiak, adibidez. Ikusten dituzu palestinarrak laguntza konboien inguruan kolpatzen, desesperaturik, gosez eta irakurtzen duzu Nazio Batuen erakundeko Gai Humanitarioetarako bulegoaren arabera, 576.000 pertsona daudela une honetan Gazako iparraldean gosetetik oso gertu. Horien artean, umeen %15a egoera oso larrian.
Hori nahikoa beldurgarria eta onartezina ez balitz, errealitateak duela egun batzuk erakutsi digu fikzioa gainditu nahian jarraitzen duela. Egoera beti uste genuena baino oraindik larriagoa izan daitekeela. Laguntza-konboietara desesperaturik gerturatzen ari zen jendea tirokatu du Israelgo armadak, ehunka hildako eraginez. Mingarriak izateaz gain, airetik grabatutako irudiak benetan dira bitxiak. Urrunetik ikusita, korrika ihes egiten ari diren pertsonak inurriak dirudite. Eta, egia esan, Israelentzat haien bizitzak duen balioa hori da, akabatu beharreko intsektu txiki batek duenaren parekoa.
Genozidioa. Gazan gertatzen ari dena hobeto deskribatzen duen hitza da. Munduak gelditu beharko lukeen genozidio bat. Baina ez da kapaz. Ez dago horretarako borondaterik. Datorren martxoaren 17an manifestazioa egingo da Donostian, kulturaren mundutik deituta, Gazako egoera salatzeko. Ezin izango dugu Gazan gertatzen ari dena gelditu, baina beharrezkoa da gogoratzea ezin garela ohitu honetara, ezin dugula normaltzat hartu, ezin dugula ahaztu han gertatzen ari dena. Kulturatik eta beste leku guztietatik ere: Genozidioa Stop.