Larunbatean herritar ugari bildu ziren Tolosako Trianguloa plazan Gernika-Palestina herri ekimenak egin zuen elkarretaratzean. Tolosako taldeak aste honetan azaldu duenez, bat egin du palestinar herriaren alde mundu mailan ematen ari diren mobilizazioekin. Bertan, Israel eta Gazaren arteko gatazka aspalditik datorrela gogoratu zuen Aritz Lopez Gernika-Palestina herri ekimeneko Tolosako taldeko kideak. “Azken urteetan gerra pizten eta itzaltzen aritu dira etengabe, baina egia da aspalditik ez zitzaiola ematen azken hilabeteetan eman zaion dimentsio berdina”, azaldu zuen Lopezek. Elkarretaratzearekin jarraituz, Israelek Gazan dagoeneko 35.000 palestinar baino gehiago hil dituela nabarmendu zuen. “Israelek Gazari ezarri dion blokeoaren ondorioz, gosetea hedatzen ari da, milaka bizitza arriskuan jarriz. Rafah-ren aurkako erasoarekin, Gazak Egiptorekin zuen muga hartu du Israelek, Gazako herritarrak erabat isolatuz eta blokeo egoera areagotuz”, gaineratuta.

Horretaz gain, Palestinak bizi duen une zail honetan, genozidioarekin amaitzeko esfortzuak biderkatzeko beharra azpimarratu zuen Lopezek. “Israeli eta Palestinari dagozkien NBEren ebazpenak zorrotz bete-tzeko eskatzen dugu, baita nazioarteko komunitateak Palestinako Estatua onartzeko ere. Bestetik, Espainiako Gobernuari eta gainerako erakundeei exijitzen diegu Israelekiko arma-merkataritza eten dezatela eta neurriak har ditzatela”, baieztatu zuen. Gauzak horrela, egoerari berehalako konponbidea emateko, su-etena adostu dezatela exijitu zuten Lopez eta gainerako kideek. “NBEk egindako adierazpenetan azaltzen den bezala, Palestinako estatua errekonozitua izatea egoerari soluzio politikoak aurkitzea nahi dugu”, eskatu zuten.