Mugikortasun Plana aho batez onartu zen Oiartzungo azkeneko Osoko Bilkuran. Janire Mitxelenak, EAJ/PNVren bozeramaileak aditzera eman zuenez, “pozten gaitu plan honetan agertzen diren puntuak irakurtzea, adibidez: ibilgailuei ez zaiela derrigor bermatu behar aparkatzeko doako tokia”.

Hedabideetara bidalitako ohar batean azpimarratu zuenez, “Oiartzungo EAJ/PNV pozik dago udal Gobernua konturatu delako egungo aparkaleku sistema bideraezina dela”. “Pozten gaitu 20 urte ondoren begiak ireki izana”, gaineratu zuen.

Denbora galdua

Alabaina, jeltzaleek galdutako denbora damutu dute: “Bere momentuan, TAO ipintzeko apustua egin zenean (jeltzaleak Gobernuko kide zirenean), ia egunero TAO makinak erreta agertzen ziren eta beste hainbat egoera bizi izan ziren hartutako erabaki ausart hori boikoteatzeko”.

“Ezker Abertzalea Gobernura iritsi zenean, populismoa eta boikota erabiliz, TAO sistema kendu egin zuen eta gaur egun daukagun 1,5 orduko doakotasun sistema ipini zuen abian”, gogorazi zuen. “Beraz, onar-tzea gaur egungo egoera ez dela jasangarria eta garai hartan zegoen gobernuak etorkizunerako izan zuen begirada ez zela horren desegokia edo txarra irakurtzeak pozten gaitu”, nabarmendu zuen.

Mugikortasun Plan berriaren inguruan ere hainbat zalantza zerrendatu zituen: “Indarrean nola jarriko den, mantendu eta bereziki momentuan behar diren neurri zuzentzaile horiek bere horretan nola jarriko diren martxan eta gauzatuko diren zalantzak sortzen dizkigu”.