Errenteriako XXXVI. Sagardo Egunaren antolatzaileek asteburuan egindako aurkezpenean azaldu zutenez, larunbat honetan ospatuko den ekitaldian tradizioari helduko diote: “Orain zenbait hamarkada bezala, idiek garraiatuko dute sagardo-kupela herriko kaleetan zehar, horrelaxe egiten baitzuten euskal sagardogileek antzinan”.

Egitarauari dagokioenez ere, usadioa mantenduko dute eta 12.00etan Foru plazan egingo dute aurtengo lehen txotxa. Bitarte horretan, hainbat kale-animazio egongo dira: dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak, txalapartariak, bertsolariak...

Txotx

Ohi bezala, 18.00etan Zumardian izango da arratsaldeko txotxa. Bertan dastatu ahal izango da Euskal Herriko makina bat sagardogileren azken urteko uzta. Horretaz gain, Eusko Labelen eskutik, txahala erreko da, baita hau jateko aukera egon ere. Gainera, zenbait talogile postu egongo dira presente egun osoan zehar. Eta, jakina, kale animazioak jarraituko du herria girotzen.

Horretarako, edalontzia hartzeko aukera izango du inguratzen den orok. Edalontziaz gain, gosea ase-tzeko pintxoa, leporako zapia eta sagardotegi batean bazkaltzeko zozketa zenbakia izango dira.

Aitortzak

Bestalde, aurkezpen eguna baliatu zuten, urtero lez, Sagardo Egunaren alde egin duen hainbat pertsona goratzeko. Ondoren, era berean, euren izenean, sagarrondoa landatu zuten aurkezpenaren amaieran Arramendiko Oreretako Sagardo Egunaren sagastian.

Aurten Manolo Martin, Eli San Sebastian eta Joxan Otaegik jaso dute aitortza.

Sagardo Eguna prestatzeko, bildu ziren herriko elkarte gastronomikoetako kideak zein hainbat eragile. Dena dela, norbanako ugariren laguntza eta hamaika eragileren babesa ere jaso dute: Eusko Labela, Uriña, Alcampo, Hostoak, Nagore Cabada hortz klinika, Orereta-Errenteriako Udala, De Cine Reyna eta Arkaitza tabernak, Amatxi, Super Amara eta Eroski.

Aurkezpenean hainbat aldarrikapen helarazi zituzten. Batetik, euskaraz aritzeko deia egin zuten. Bestetik, jakinarazi zuten egun horretan ere ez dutela inongo eraso sexistarik onartuko.