Aurtengo udaberriko kultur egitaraua aurkeztu zuen pasa den hilabetean Alegiako Udalak, eta, udal gobernuko ordezkariek azaldu zutenez, “adin guztientzat bideratuta dagoen egitarau zabalagoa antolatzea” izan da aurtengo helburuetako bat. Joan den astean egin zituzten lehen ekimenak, eta datozenetan ere denetariko jarduerak antolatu dituzte.

Egitaraua

Regina Sorarrain alkatearen esanetan, egitarauaren ardatzetako bat da Sutarri dantza taldearen 25. urteurrena. Izan ere, mende laurdena bete du aurten dantza taldeak eta hainbat egitasmo antolatu dituzte. Egutegian lehena, dantza jantzien erakusketa izango da. Apirilaren 29tik maiatzaren 4ra egongo da ikusgai, eta berritasun modura, udaletxeko ganbaran jarriko dute erakusketa.

Alegia A. Garcia

Sorarrain alkateak azaldu duenez, orain artean “egoera tamalgarrian” zegoen ganbara, baina txukundu egin dute eta, horrela, “espazio berezia” dute orain horrelako zein bestelako ekimenak bertan antolatzeko. Hain zuzen, dantza taldearen erakusketa izango da bertan egingo den lehen jarduera, eta Udaleko ordezkari gorenak oso harro hitz egin du ekimen honen inguruan. “Sutarri dantza taldeak estreinatuko du espazioa, eta oso pozik gaude horrekin. Mimo handiz ari dira erakusketa prestatzen; polita izango da”, azaldu du Sorarrainek. Erakusketa 18.00etatik 20.00era bisitatu ahal izango da.

Sutarri eguna

Erakusketa ez da, ordea, dantza taldeak antolatutako jarduera bakarra. Izan ere, esposizioa bisitatzeko azken egunean, maiatzaren 4an, egingo dute Sutarri eguna. Mende laurdeneko ospakizunaren jarduera nagusia izango da eta, besteak beste, herriko plazan bazkaria eta erromeria egingo dituzte. Horretaz gain, udalaren webgunean ikusgai dagoen egitaraua izango da beste egunetan ere.