Jasone Osoro, Mariasun Landa, Gema Lopez, Maite Franko, Yolanda Arrieta, Bizenta Mogel, Maite López Las Heras eta Karmele Jaio izango dira protagonistetako batzuk, asteazken eta ostegun honetan, Portaleburun hasiko den Geure Gelatik Liburu Azokaren edizio berrian. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailaren laguntzarekin, antolatu duen azokaren helburua emakumeek literaturan, liburugintzan eta, oro har, kulturan egiten duten ekarpena balioan jartzea da, plataforma bat eskainiz mezu hori zabaltzeko feriatik pasa-tzen diren guztien artean. Aurtengo azokak jarraipena ematen dio Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 2022an ospatu zuenari.

Tupust!

Herriko ikastetxeak egitarauaren hasieraren eszenatokia izan ziren atzo, Tupust! kolektiboak ikasleen artean egin zuen komikiei buruzko galdera-erantzun saio batekin. Ekitaldi honek jarraipena izango du apirilak 11 eta apirilak 13a bitartean Portaleburu erakusketa aretoan. Bertan burutuko dira Geure Gelatik Liburu Azoka osatzen dituzten saio ezberdinak.

Jasone Osoro idazlearen artxiboko argazki bat Ruben Plaza Etxabe

Jasone Osoro izango da protagonista nagusia. Idazle elgoibartarra omendua izango da Geure Gelatik Liburu Azokan. Mariasun Landa idazleak oroigarri bat emango dio elgoibartar idazleari, hainbeste urtetan literaturari egindako ekarpenaren aitorpen gisa. Omenaldia 18.00etan hasiko da. Ondoren, Jasone Osorok Arrakasta saiakeraren aurkezpena egingo du, Maite Rementeriak aurkeztuko duen ekitaldi batean.

Asteazkenean egunak itzulpengitzarako tartea ere izango du, Gema Lopezek Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuaren itzulpenaren aurkezpenarekin. Kasu honetan, saioa 17.15ean hasiko da.

Bigarren eguna

Apirilaren 12an, arratsaldez, burutuko da azokaren bigarren eguna. Maite Frankok sei eta 10 urte bitarteko haurrei kontatuko die Zorte txarreko otsoak ipuina Portaleburun 17.15ean hasiko den saio batean. Eta jarraian, 18.30ean, Yolanda Arrietak Bizenta Mogeli buruzko tailer bat zuzenduko du, Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak izenburuarekin. Jakina denez, Bizenta Mogel azkoitiarra (1782-1854) euskaraz idatzi zuen lehen emakume bezala ezaguna da. Bere lanik famatuena Ipuin onak (1804) da, nahiz eta beste batzuk idatzi zituen, hala nola Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819).

Geure Gelatik Liburu Azokaren bukaera apirilak 13an iritsiko da. Egitarauak Maite Lopez Las Herasek Giorgos Seferis poeta greziarrari eskainitako liburua izango du hizpide 11.15ean. Jarraian, 12.00etan, Karmele Jaiok bere Maitasun kapitala liburua aurkeztuko du. 13.00ean emango zaio itxiera aurtengo edizioari, Bizenta Mogelen Ipuin Onak liburuaren pasarteen irakurketarekin.