Azkoitiko udaletxean ospatu zen sari banaketen ekitaldian, Maite López Las Heras azkoitiarrak 41. Bizenta Mogel Idazlehiaketako lehenengo saria jaso zuen Haize hego ipuinarengatik. Bigarren saria Juan Ramon Alberdi Ibarmiak eskuratu zuen Zuhaitz eroriaren aldaxka ipuinarengatik, eta Aingerutxo beltzak eman zion hirugarren saria Gotzon Plaza Jaio bilbotarrari.
Maite Lopez Las Herasek biziki eskertu zuen saria. “Sari bat jaso-tzea beti da ohorea, baina 41. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako saria jasotzea bikoitza da, batetik, nire jaioterrian egiten den sariketa delako, eta bestetik, emakume baten izena daramalako. Pozgarria da euskara eta literatura uztartu eta indartu nahi dituen lehiaketa antolatzea, eta sortzaileoi aukera eskaintzea. Horrek Azkoitian bizi ez garenoi, baina azkoitiarrak garenoi herrimina baino gehiago herripoza ematen digu”. Azkoitiarrak miresmen handia dio greziar literatura klasikoari, bere azken lan batzuek (Safo eta Poetandreak) erakusten duten bezala. Oraingoan ere bide berari jarraitzea erabaki du eta Ikaro eta Dedalo mitoan oinarritutako obra aurkeztu du Beizenta Mogel lehiaketara.
Baserria galtzen duen familia baten istoria eta ustezko matriarkatua hartu zuen Juan Ramon Alberdik abiapuntu gisa bere ipuinean. “Gizonen testuinguru horretan, emakumeek bizi zuten egoera anbiguoa jaso dut. Etxeko ardurak zituzten, etxekoandreak ziren, eta bazirudien nolabaiteko boterea zutela, baina muturreko erabakietan, zeharo baztertuta zeuden. Anbiguotasun hori nolabait aldatu dela uste dut”, esan zuen Alberdik. Hirugarren sarituak, Gotzon Plazak, ezin izan zuen Azkoitiara etorri baina bidalitako eskertza hitzak irakurri ziren saria jasotzeko txanda heldu zitzaionean idazle bilbotarrari.