- Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatzen duten XL.Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren epaimahaiak irabazleen izenak ezagutzera eman ditu jada, azken deialdira aurkeztutako 39 lanak aztertu ondoren.
Aurtengo sariketaren irabazlea Elene Aierbe Segurola tolosarra izan da, Atxumarrikoak ipuinarengatik. Bigarren saria, Lander Albizuri Sudupe azkoitiarrak aurkeztutako Argazkilari baten memoriak lanarentzat izan da eta hirugarrena Iñaki Sanz Badiola hondarribitarraren Bizimina ipuinarentzat.
Azkoitiko Udaletik aurreratu dutenez, XL.Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sariak banatzeko ekitaldia datorren martxoaren 4an egingo da (19.00etan) udaletxeko areto nagusian. Irabazleak 700 euroko saria eskuratuko du, bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarrenak 400 euro.
Edonola ere, sariketaren epaimahaia "oso gustura" agertu da aurkeztutako lan kopuru handiagatik eta ipuinen maila altuagatik.
Azkoitiko Kultur elkarteak eta Udalak antolatzen duten eta aurten 40 urte bete dituen Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren helburuak asko dira. Batetik, "euskara eta literatura goraipatzea". Bestetik, "euskal sortzaileei beren lanak plazaratu eta ezagutzera ematea". Eta azkenik, "euskal literaturako lehen emakume idazlea izan zen Bizenta Mogel azkoitiarra oroitzea".
Aurtengo deialdiak izan duen arrakasta ona ikusita, argi dago ekimenaren bultzatzaileek sariketa antolatzen jarraituko dutela.