- Euskara eta literatura goraipatzea helburu duen eta euskal literaturako lehen emakume idazlearen izena daraman Bizenta Mogel ipuin lehiaketak 40 urte betetzen ditu aurten. Azkoitiko Kultur elkarteak eta Udalak sariketaren edizio berezi honetarako prestatutako oinarriak kaleratu dituzte jada eta parte hartzeko interesa dutenek urriaren 31ra arte aurkez ditzakete okasiorako prestatutako lanak Herriko enparantzan kokatuta dagoen udaletxean.
Bizenta Mogel XL. Ipuin Lehiaketako oinarrietan jasotakoari eutsiz, sariketa "hemezortzi urtetik gorakoen-tzat da". Aurreko urteotan bezala, lehiaketara euskaraz idatzitako ipuinak (originalak eta inon argitaratu edota saritu gabekoak) aurkeztu beharko dira (gutxienez lau eta gehienez hamar orrikoak, orriaren alde batetik bakarrik eta tarte bikoitzez idatzita).
Epaimahaiak abenduaren 18an hartuko du erabakia eta guztira 1.600 euro banatuko dira lan onenen egileren artean. Oroigarriaz aparte, lehiaketaren irabazleak 700 euroko saria eskuratuko du, bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarrenak 400 euro.