Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanaren etorkizunaren nondik-norakoen inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko Think Tank-a jarri zuen abian 2020ean. Izan ere, etorkizunean Gipuzkoako lurraldearentzat estrategikoak izango diren gaien artean gaur egun lanak duen zentzua ulertzea ezinbestekoa da talentu gaztea enpresetara gerturatu dadin: “Gaur egungo enpresa ugarik zailtasunak dituzte gazteak erakartzeko. Duela urte batzuk, bizimodu guztia lanaren inguruan zegoen antolatuta, baina hori aldatu da, eta belaunaldi berrien lehentasunak bestelakoak dira. Belaunaldi berrien-tzako enpresak erakargarri egiten dituzten faktore horiek ezagutzea ezinbestekoa da Aldundiarentzat, lurraldearentzat lehiakortasun faktore bat den heinean”, azaldu du Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko departamentuko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak. 

Think Tankaren baitan, etorkizuneko lanaren ingu­ruko gako nagusienetaz deliberatu, eta zehazki gai honen inguruan marko teorikoa eraikitzeaz gain, tamainu eta forma juridiko desberdina duten sei enpresetan esperimentatu da

Think Tankaren baitan, etorkizuneko lanaren inguruko gako nagusienetaz deliberatu, eta zehazki gai honen inguruan marko teorikoa eraikitzeaz gain, tamainu eta forma juridiko desberdina duten sei enpresetan esperimentatu da. Ikerkuntza alorrean Mondragon Unibertsitateko ikertzaile taldea aritu da lanean. Datorren erronka, aldiz, metodologia hau gai honetan interesa izan dezaketen lurraldeko enpresa guztietara hedatzea da. Eragile ekonomiko, Lanbide Heziketako eragile eta garapen agentziekin batera osatutako sarearen bidez lortu nahi da azken helburu hau. 

Lanari zentzua ematen dioten faktoreak

“Lanari zentzua ematen dioten lau faktore nagusiak identifikatu ditugu: gaitasuna, hau da, prestakuntza beharrak asetzea; harreman sozial positiboak izatea; propositoa argi izatea; eta autonomia-premia susta-tzea, hots, profesionala aintzakotzat hartzea erabakiak hartzeko orduan”, zehaztu du Anduezak. Berak esandakoaren arabera, “lau faktore horien artean kritikoena pertsonei beren zereginetan autonomia ematea da, izan ere, horren faltan, ondoeza eta motibazio falta agertzen direlako”.

Proiektuaren bigarren fasea amaituta, non sei proba pilotu egin dituzten beste hainbeste enpresatan, lurraldeko 40 enpresetan txertatzea izango da hurrengo pausua. 12-14 hilabeteko iraupena izango du horrek eta Gipuzkoako zenbait eragile ekonomikok bidelagun lanak egingo dituzte metodologia enpresa horietan zabaltzeko helburuarekin. Metodologiari dagokionez, “aurrediagnostikoa egin ondoren, bide-orri bat zehazten lagunduko zaio enpresari, lidergo estiloak edota antolakuntzari dagozkion ekintza zehatzak jasoz”, argitu du Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak.