Eva Lootz artistaren lana harilkatzen duten “korapiloak” eta “hariak” ikusgai daude Donostian. Erakusketa horrek artistaren instalazio esanguratsuenetako batzuk biltzen ditu, baita 30 urtez kartoizko kaxa batean gordeta egon diren paperean egindako eta inoiz erakutsi gabeko hainbat lan ere. 1940an Vienan jaio eta 60ko hamarkadaz geroztik Espainian bizi den sortzaile austriarra Donostian izan da egunotan, abuztuaren 25era arte Kubo aretoan egongo den erakusketa panoramiko horren muntaketa gainbegiratzen.

Kubo aretoa

Tamalez, “osasun arazo txiki batek” galarazi egin zion atzo artistari “burua ondo irekita” bisitatu behar omen den erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan presente egotea. Lola Duran komisarioak proposatu zuenez, “murgildu eta inguratzen utzi behar da”.

Marrazkia, eskultura, bideoa eta instalazioak erabiltzen dituen diziplina anitzeko artista honek 1993tik 2013ra bitartean sortutako 42 lan biltzen ditu Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu erakusketak, bere praktika artistikoan behin eta berriz errepikatzen diren gaiak jorratuz.

Denboraren joana, absentzia, ikusmenaren angelu itsuak, objektuaren eta hitzaren arteko arrakala eta inkomunikazioa dira Eva Lootzen diskurtso bisual, estetiko eta teorikoa lotzen duten konstanteetako batzuk. Austriarrak Arte Plastikoen Espainiako Sari Nazionala zuen 1994an, eta estatuko artista esperimental garrantzitsuenetakoa izan da azken hamarkadatan.

Reina Sofia Museoa

Erakusketan bere obra enblematikoenetako batzuk bildu ditu, besteak beste, Tú y yo II instalazioa, sortzaileak Reina Sofia Museo Fundazioari dohaintzan eman dizkion 36 lanen artean dagoena, eta museoaren funtsen osagarri bihurtuko dena.

Obra horretan, zapata pare bat eta bota pare bat, bata argia eta iluna bestea, lurraren gainean aurrez aurre jarrita daude hondar fineko lau eremuren parez-pare. Oinetako pare bakoitzetik ahotsak atera-tzen dira, emakumezkoa bat eta bestea maskulinoa, loturarik gabeko elkarrizketan. Kasu honetan, “zu eta ni” hitzak giza ilez idatzita daude hormetan.

Aldi berean, aretoko beste espazio batean, Zu eta ni I instalazioa ere ipini du artistak. Zurezko mahai luzanga bat ikusiko dugu, eta haren muturretan harea duten bi plater daude. Plater horietako batean, ordea, hondarra galdu, isuri eta lurrera erortzen da zulo batetik, mahaikideen gabezia lagun, maitasun-amaituaren giroa sortuz.

Silizezko hareaz gain, Lootzen obran behin eta berriz agertzen den materiala izanik, erakusketak arreta berezia eskaintzen die artistaren hainbat lanen protagonista izan ohi diren korapiloei eta hariei.

Horregatik, Korapiloak multzoaz gain, Esku artean proiekzioa ere ikusgai dago erakusketan. Irudi horiek kordelen haur-jolasean oinarritzen dira, esku batetik bestera dabilen soka batekin figura harrigarriak lortzeko.

Donostian ikusgai dauden bestelako piezen artean, hareazko ur-jauzi etengabe baten irudi proiektatua ere badago ikusgai, eta Manilako paperean egindako pieza batzuk nabarmentzen dira; artistak Lanzaroteko egonaldi batean egin zituen eta kartoizko kaxa batean gordeta egon dira hogeita hamar urtez.