rain urtebete 2021ari hasiera emateko topa egin genuen eta "normalitatearen urtea" izango zela esan genion elkarri, urte trakets baten ostean, gure bizitzak bere horretara itzuliko zirela, inuzenteak gu.

Urtea ondo hasi zen, egunek aurrera egin ahala egoerak hobera egiten baitzuen, txertoak iritsi ziren, txertaketa kanpaina bizkortu zen eta debekuak eta murrizketak, berriz, gutxitu. Dena ondo zihoan, gero eta gertuago ikusten genuen bizitza prepandemikorako itzulera: jaiak, lagun arteko bazkariak, musukorik gabeko bizitza. heltzear zeudela pentsatu genuen. Bat-batean, ordea, udazkena iritsi zen eta prozesua eten zen. Eten bakarrik ez, atzera egin zuen; egutegiari orri bat kentzen genion bakoitzean, egoerak hobera beharrean okerrera egiten zuen, orri horietako bakoitzak ordura arte sortutako itxaropenari hozkadatxo bat ematen zion. Hala, gure esperantza eta ilusioak ere zapuzten hasi ziren, pixkanaka-pixkanaka.

Aitzitik, egoerak okerrera egiten duenean, momentu zailenetan, Urretxuarrok, uzkurtu beharrean,indartu egiten gara eta egoera honetan ere, irmo eutsi diogu bizitzeko gogoari.

Esan ziguten kirol eta kultur elkarteek desagertzera joko zutela, erakustaldirik gabeko entseguek ez dutelako motibatzen, partidurik gabeko entrenamenduek zen-tzurik ez dutelako, ezta lasterketarik gabeko kilometroek ere... baina ez da hala izan. Urretxun ez.

Esan ziguten herriko ostalaritza eta merkataritza hilko zirela, ordutegi aldaketak, aforoan izandako gorabeherak, erabateko itxierak... ez zietela bizitzen utziko, zulora joango zirela denak. Urretxun ez.

Esan ziguten ikusleek ekitaldietara joateko ohitura galduko zuela, eta pandemia igarota ere ez zirela bueltatuko, antzerki, zinema eta musika aretoak hustuko zirela. Urretxun ez.

Esan ziguten kirol talde eta klubek ekitaldiak antolatzeari utziko ziotela, goi-mailako lasterketarik ez zela izango, eta nazioartekorik ere ez. Urretxun ez.

Urretxu herri berezia da, atzean gelditzen ez dena, kikiltzen ez den horietakoa, egoera zailenetan ere aurrera egiten duena; baina arduraz eta zentzuz. Ardura horren seinale dira, besteak beste, Santa Lutzi Feria bertan behera uztean, San Joan jairik ez egitean edo Santa Anastasiarik ez ospa-tzean, jendeak azaldu duen jarrera ona, enpatia eta zentzua.

Jarrera eredugarri horren lekuko dira, egunero Urretxuko kale eta establezimenduetan ikusten ditugun jokaerak, non jendeak arau eta neurriak errespetatzen dituen; nahiz eta gogorra izan, nahiz eta nekatuta egon, nahiz eta protokoloak egunetik egunera aldatu, Urretxuarrok behar den moduan jokatzen dugu. Urretxuk eutsi egiten dio egoerari.

Eskerrik asko bihotz-bihotzetik zuen jarreragatik, erronka garrantzitsu honi aurre egiteagatik eta animo azken txanpa honetan.