Ikastolen aldeko bost jaiek bultzatutako ekimenak beste urte bati ekin dio. Aurreko ekitaldiak egitasmoa ezagutarazteko balio izan du eta ikastolen proiektuak finantzatzeko eraginkorra dela frogatu da.

Tanta ikastolen aldeko elkartasun adierazpen txartela da. Herritarrek bost euroko ekarpena eginez eskuratu dezakete txartel bakoitza. Ikastolen jaien ekimenez sortu zen 2019an, eta ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena.

Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte har-tzen dute ekimenean. Guztiak ari dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean.

2019an abiatu zen ekimena, eta beste ekimen ugarirentzat bezala, ez zen urte oparoa izan. Tanta txartelak gizarteratzen hasi orduko kolpatu zuen pandemiak, eta, ondorioz, ezin izan ziren herritarren artean behar beste zabaldu. Halere, ikastolen komunitatean oso harrera ona izan du, eta horri esker, nolako urtea izan den aintzat hartuta, arrakastatsua izan dela azpimarratzen dute, hasierako aurreikuspenak bete ez diren arren, lehenbiziko urtean ekimena ezagutarazteaz gain ikastolen proiektuak finantzatzeko tresna eraginkorra dela frogatu delako.

Tanta txartelak erosiz, herritarrak partaide dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak. Ikastolek, berriz, herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dute. Horregatik, Tanta txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

Saioka egitasmoa omenduz

Tanta egitasmoarekin Ikastola eredua ere jarri nahi da mahai gainean; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi da. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri ematea du helburu. Ekimena abiatzeko, Elbira Zipitria andereño historikoa aukeratu zen. Bigarren ekitaldi honetan, berriz, Saioka egitasmoa omendu nahi da. Saioka 1974an sortu zen Iker taldearen eskutik, eta gerora Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eman zion jarraipena. Lehenengo esperientzia integrala izan zen euskarazko ikas materialen sorkuntzan, euskara arlo guztietan erabiltzeko pentsatutakoa.