- Euskararen erabileraren inguruko azterketa egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uemak) bigarren aldiz Euskal Herriko 93 udalerritan eta horietan 71.000 solasaldi eta 227.900 solaskide behatu dira. Duela lau urte pasatxo egin zuen Uemak bere lehenengo azterketa, 2017an, eta orain 2021eko datuekin alderatu du osatutako hizkuntzaren erabilera mapa. Argazki orokorrak erakusten duenez, hamarretik sei (%61,1) solasaldi euskaraz gertatzen dira Uemako udalerrietan, beste %36,9 gaztelaniaz eta %2 bestelako hizkuntzetan.

Herriak hiru multzotan sailkatu dituzte, euskaldunen ehunekoa kontutan hartuta: euskaldunak %60-%80 bitartean diren herriak; %80-%90ekoak; eta hortik gorakoak. Joeta nabarmena da, ikerlarien ustez: herri euskaldunagoetan, logikoa denez, euskaraz gehiago hitz egiten da, baina "ezin da pentsatu euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik". Hain justu, neurketak erakutsi du euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin duela euskararen erabilerak. Ez da galera handia lau urteko tartean, baina bai arnasguneen bilakaerari buruzko beste zantzu bat. Bilakaera negatiboa izaten ari dira eremu horiek. Ehunekotan neurtuta, hiru puntu gutxiago hitz egiten da euskaraz herri euskaldun horietan, baldin eta 2017ko datuekin alderatzen badugu. Solasaldien %86,4 ziren euskaraz orduan eta %83,2 orain, euskaldun gehien dauden herrien multzoan. Aldiz, gutxien euskaldundutako herrietan, euskararen erabilerak gora egin du: %53,9tik %55era.

Uemaren ustez, "adinaren eragina oso nabarmena da euskararen erabileran: adinean gora egin ahala, jaitsi egiten da euskarazko jarduna". Kontuan izan behar da euskararen ezagutza ere ez dela berbera adin talde guztietan: adin talde gazteetan, ia unibertsala da ezagutza udalerri euskaldunetan, baina adinean gora joanda, jaitsi egiten da, nahiz eta adin talde guztietan gehiengoa den euskalduna. "Adin taldeen bilakaeran badira gorabeherak, eta kezkarako motibo izan daiteke gazteen jaitsiera, nahiz eta hori ere ez den oso handia", baloratu dute Uemako arduradunek.

Joera nagusia hau da: zenbat eta helduago, euskararen erabilera txikiagoa. Haurrek erabiltzen dute euskara gehien (%76), eta heldu nagusiek gutxien (%50).

Uemak aitortu duenez, "gure herrietan bada kezka belaunaldi berrien erabilerarekin lotuta. Aldaketa handia ari dira gertatzen denbora gutxian, eta horiek aztertzen ari da Uema; besteak beste, eskola giroko erabilerari eta ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko azterketak lantzen ari gara".

Beste azterketa batzuek erakutsi duten eran, neurketa honetan ere emakumeen erabilera zerbait handiagoa da gizonena baino. Adierazgarria da, gainera, Uemako herrietako datuek zer azaleratu duten: belaunaldi gazteetan dago dierentziarik handiena. Gai hori aztertzeari ekin diote azken uteotan hainbat eragilek, eta udalerri euskaldunetan ere azter-tzekoa da generoak zer-nola eragiten duen egoera soziolinguuistikoan, erabileran eta bestelakoetan.

Joera nagusia hau da: zenbat eta helduago, euskararen erabiliera txikiagoa; haurrek erabiltzen dute euskara gehien eta heldu nagusiek gutxien