- Euskaren aurkako estrategia judiziala salatu du Euskararen Kontseiluak. Horregatik, hizkuntza defendatzen duten eragile guztien batasunetik, egoera horri erantzuna ematea eskatu zuen.

Ehunka pertsona bildu ziren atzo Laudion Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzak elkarteak egindako deialdia jarraituz. Elkarretaratzearen helburua, lanposturako eskatutako euskara eskakizuna lortu ez zuen bitarteko funtzionario bat Udalak berriz onartzera behartzen duen epaia salatzea zen.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak epaia hizpide izan zuen, noski. Erabaki horretan, besteak beste, euskara ikasteak duen zailtasuna aipatzen da, eta garbi azaldu nahi izan zuen, epai horrek erakusten duenez "edozein txorakeria, irizpide juridikorik gabeko edozer gauza, baliatu daitekeela hizkuntza-eskubideak urratzeko".

Epaileek eta magistratuek "hizkuntza-politika egin nahi dutela" adierazi zuen, eta botere judizialak "indarrean dagoen hizkuntza-araudia aldatzea" helburu duen "estrategia" jarraitzen duela, "Jurisprudentziaren bitartez, euskaraz hitz egiten duten pertsonen eskubideak are gehiago murrizteko".

"Epaileek batere lotsarik gabe esaten dute udal bateko zein langilek jakin behar duen euskaraz eta nork ez, hizkuntza-planifikatzaileak bailiran. Batere lotsarik gabe agintzen dute zenbat leku izan behar duen gaztelaniak hezkuntza-sisteman, pedagogoak bailiran. Edota, azken epaian gertatu bezala, hizkuntza bat ikastea zaila dela esatera ere ausartzen dira, hizkuntzalariak bailiran", salatu zuen.

Bere ustez, oso arazo "larria" da, organo judizialetatik "hizkuntzaren etorkizuna benetako argudiorik gabe baldintzatu nahi dutelako". Hori dela eta, azpimarratu egin zuen "hau ez dela ausazko erabakia, botere judizialaren estrategia baizik".

Bilbaok "guztiok bat eginda" erantzuteko deia luzatu zien euskararen aldeko mugimenduei, eragile sindikalei, politikoei eta sozialei, baita erakundeei ere. "Bat egin behar dugu, bai ala bai, horrelako epaiei aurre egiteko, eta nahikoa dela esateko", aldarrikatu zuen.