- Urtarrilaren 12an XXIX. Sagardo Berriaren Eguna egingo da 2022ko txotx denboraldiari hasiera emateko, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta. Aurtengo gonbidatua AMAK taldea izango da.

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano dira AMAK. Lau izenen lehen letrarekin osatutako taldea da, eta gainera, lauak amak dira. Trikitixa eta panderoa astinduz, Euskal Herriko plaza gehienak zapaldu dituzten eskarmentu handiko musikariak eta sortzaileak dira.

Sagardoaren Lurraldeak atzo jakinarazi zuenaren arabera, asteazkenean lehendabizi pren-tsaurreko bat egingo dute Astigarragako Sagardoetxean eta bertan azalduko dituzte 2021eko uztaren ezaugarri nagusiak, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak.

Jarraian, AMAK taldeak sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeko sagastian eta ondoren, txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko da Guru-tzeta sagardotegian. Ondoren, sagardogileek AMAK taldea soka dantzan parte-hartzera gonbidatuko dute sagardo berria dasta-tzeko.

Amaitzeko, 13.45ean, Gurutzeta sagardotegian Gure Sagardo Berria oihu eginda sagardo berria dastatuko du AMAK taldeak, eta honekin, 2022ko txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, pandemia garaira egokitutako denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko dute.