Donostia. Etzi jasoko dute Anton Abadia saria mintzalaguna ekimenaren bultzatzaileek, euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzak hartuko duen ekitaldian, beraz, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kideek egindako lana eta ekarpena errekonozituko dute.
Hamalaugarren edizioa du aurten Anton Abadia sariak eta oraingo honetan euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko egitasmo batean jarri du begirada epaimahaiak. Mintzalaguna 1993an sortu baitzen Donostian, euskara ikasten ari ziren lagunei hizkuntza erabiltzeko aukera eskaini asmoz: horretarako hitzordua jarri eta ikasleak eta jada euskaldun zirenak astean behin elkartzen ziren kalean, toki publikoren batean, euskaraz hitz egiteko. "Geroztik, bide beretik jarraitu du Bagera elkarteak, eta horri esker, ehunka herritarrek euskaraz egiteko ohitura hartu dute", goraipatu du Foru Aldundiak, sariaren sustatzaileak. Izan ere, ekimen berritzaile hura Euskal Herri osora zabaldu da azken urteotan.
Herrialdeko gobernuaren ustez, mintzalaguna "aitzindaria" izan da eta "efektu biderkatzailea" izan du bere ibilbidean zehar. "Horrez gain, ekimenak euskara biziberritzeko elementu asko ditu: erabilera du ardatz eta toki publikoetan egindako jarduna da, esaterako", arrazoitu du.
Proiektu hori sortu eta sendotu duen elkarteak Xabier Lakak egindako eskultura jasoko du oroigarri gisa, Martin Garitano aldun nagusiaren eskutik. Bestalde, 12.000 euroko diru-saria ere jasoko dute.
Anton Abbadia saria 1996an sortu zuen Foru Aldundiak, euskararen normalizazioaren alde nabarmendutako pertsona eta elkarteen jarduna errekonozitu nahian. Orain dela bi urte, adibidez, Joxerra Garzia kazetari eta idazleak jaso zuen saria.