SAGARDOTEGI GARAIA

Gogoz ekin diote euskal sagardogileek denboraldiari, "merezi dugulako" lelopean

24.01.2022 | 10:33
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko sagardogileak, Donostian, joan den urtarrilaren 11n. Argazkia: Euskal Sagardoa

2021a sagar urte handia izan da Euskal Herriko sagastietan kopuruz, eta sagardotegiek aukera paregabea izan dute upategian uzta eder hau baliatzeko

Urtebete igaro da joan den urtarrilean egoera ezegonkor baten menpe sagardotegien denboraldiari hasiera eman zitzaionetik. Ordutik, hainbat arau eta egoerari aurre egin behar izan dio sektoreak, eta espazio seguru, erakargarri eta erosoak sortzeko konpromisoa izan da bere lanerako bidea. "Sagardotegi garaiak duen adierazgarri nagusia sagardo berria dastatzea da, otordu eder baten bueltan. Sagardotegi denboraldia merezi dugulako, sagardo berria dastatzea merezi dugulako ekingo diogu gogoz 2022ko sagardotegi denboraldi berriari", halaxe adierazi zuten joan den urtarrilaren 11n Donostian Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariek.


 

Denboraldi berezia izango da bai sagardogileentzat, bai kontsumitzaileentzat, egoerak bultzatuta, protokolo bereziekin dastatuko baita aurtengo sagardoa. Gauzak horrela, urtarrilaren 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak irauten duen bitartean, sagardogileek mahaira ekarriko dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txarteltxo edota azalpenarekin.

Sagardogileek azaldutakoaren arabera, txartel bakoitzean egongo da kupelaren zenbakia, bezeroak aldioro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. "Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du,sagardoaren informazio gehiago jaso ahal izateko", argitu dute.

Sagardoa, mahaian

Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa. "Protokolo hau garatu zen lehen unetik dekretu eta arautegi berrien arabera egokituz joan gara, baina beti oinarri bera errespetatuta: Sagardoa dastatzean eta sagardotegiko esperientzian segurtasuna bermatzea", azpimarratu dute. Iaz bezala, denboraldi hasiera honetan, uzta berria mahaian dastatuko da. "Sagardotegiak espazio zabalak dira, eta aukera handia ematen digute distantziak errespetatu eta sagardotegiko esperientziaz modu erosoan gozatzeko", gaineratu dute.

Berrikuntza moduan, 2022ko sagardotegi denboraldian sagardo dastatze gidatuak eskainiko dituzte otorduaren aurretik, zenbait sagardotegitan. "Beste hainbat bisita eta produktu eskaintzeaz gain, dastatze gidatua bezalako produktuak eskatu dizkigu joan den urteotan bertako bezeroak, eta hori dela eta hartu da hemendik aurrera hori eskaintzeko erabakia", azaldu dute. Horretaz gain, bezeroari erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta sagardotegietan otordua egiteko erreserba sistema ere martxan jarri dituzte. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du sagardoa.eus webguneak.

 

Urte zaila, uzta oparoa

Ez da urte erraza izan 2021a, eta sagardoaren errentagarritasuna eta sagardotegien etorkizunari buruz hausnartzeko parada hartu dute sagardogileek. Azken urteko prezio igoerak medio, sagardoa %10-%20 artean igoko da bataz beste 2022 urtean. "Sagarra, beira, kartoia, argindarra... guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean", argitu dute.

Uztari dagokionez, berriz, 2021a sagar urte handia izan da Euskal Herriko sagastietan kopuruz, eta sagardotegiek aukera paregabea izan dute upategian uzta eder hau baliatzeko. Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango du kontsumitzaileak, Euskal Sagardoak biltzen dituen sagar mota desberdinak aukeran izan baititu sektoreak. Guztira 115 sagar mota desberdin eta hauetatik 24 dira gure sagastietan gehien daudenak, gaziak eta gezak. Beraz, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango du sagardozaleak, sagardotegiz sagardotegi, eta kupelez kupel ere gauza bereziak probatu eta dastatzekoa. Orokorrean, iaz baino sagardo arinagoak dira aurten, lurrintsuak eta alkohol graduazio bajuxeagokoak.

Bestalde, aurtengoa inoizko uzta handiena izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren-tzako. Guztira 5 milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan eta 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira. Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 49 sagardotegi biltzen ditu gaur egun eta 250 sagargile.



noticias de noticiasdegipuzkoa