- Rubenek banakako lana egin zuen atzo Taxoareko instalazioetan. Erdilari ezkertiarrak giharretako mina izan zuen joan den astean, eta ezin izan zuen taldekideekin entrenatu hiru egunez. Halere, Atletico Madrilen aurka jokatzeko prest agertu zen (talde nafarrak 0-3 galdu zuen larunbatean Sadarren), eta titular izan zen, gainera.

Kike Barja, berriz, ondoezik zegoelako agertu ere ez zen egin, baina lehenbailehen taldera itzultzea espero dute. Hainbat asteko errekuperazioaren ostean, hegalekoak bigarren zatian jokatu zuen koltxoneroen aurka.

Talde gorritxoak aurkaria partidaren zati handi batean menderatu arren, porrot mingarria jasan, eta indarberritu asmoz gogor entrenatu ziren. Teknika landu zuten, jabetzak, eta partida ere jokatu zuten soropilean, aktibazio laburra egin eta asteartez aste hau txukun hasteko asmoz.

Azken jardunaldiaren aurretik, berriro ere bolada onean zebilen Osasuna, galdutako konfiantza berreskuratuta. Emaitza txarra izan arren, Osasunaren zaleak ondo jabetu ziren egindako lanaz, eta biziki eskertu zieten jokalariei eskainitako irudi ona, une askotan Atletico menpean hartzeko gauza izan baitziren.

Sentsazio on horiek salbazioa lortzeko puntu bilakatzeko lanean jarraituko du Jagoba Arrasatek, eta helburu horretara hurbiltzen ahaleginduko dira igande honetan bertan Anoetan Realaren aurka (18.30ean).

Txuri-urdinen entrenatzaile ohiak Chimy Avila aurrelaria zelairatzeko aukera izango du, azken partidan ateratako txartel horiak zigorra ekarriko ziola uste arren, ez baita hala izan.

Joan den larunbatean Sadarren Atleticoren aurka 0-3 galdu arren, talde nafarra nagusi izan zen partidaren zati handi batean