Idiazabalgo Errealaren Lagunak Elkartea, Bihotz txuri-urdina

Sara Gonzalezek eta Bittor Esnaolak "garaipen ahaztezina" ospatu ahal izatea espero dute

29.03.2021 | 01:21
Idiazabalgo Errealaren Lagunak Elkarteko Sara Gonzalez eta Bittor Esnaola.

Idiazabal – Idiazabal Gaztak egin du Idiazabal herria ezagun mundu guztian zehar, baina badira herria mapan kokatzera eraman duten beste batzuk ere, adibidez, Idiazabalgo Errealaren Lagunak Elkartea. Urtez urte, txuri-urdinei babesa eman die egin duten ekitaldi eta partida guztietan, eta Goierrin dagoen Realaren peña indartsuenetako da, dudarik gabe.

Hasiera hasieratik elkarteko kide izan dira Bittor Esnaola eta Sara Gonzalez. "Elkartea 1990an sortu genuen, eta egun 30 kide inguru gara" azaldu du Gonzalezek. Jarraitzaile sutsuak dira, eta ezagutzen dituztenek argi dute hori. Realaz eta batez ere larunbateko finalaz hitz egitea besterik ez dago ilusioa ikusteko haien aurpegietan, baina baita amorru apur bat ere.

"Sevillara joateko sarrerak aspaldi erosi genituen, eta azkenean bertara ezingo gara joan, baina hemen ere partida ikusteko aukerarik ez dugu izango. Pena izugarria da hori, urtebete zain daramagulako", onartu du Esnaolak.

Bera izan da herrian etxeko balkoia apaindu duen lehenengoetakoa. Ez da detailerik falta: bandera, globo txuri urdinak, bufanda€ Kale Nagusiko hirugarren pisua dotore jarri du. "Poz pixka bat emateko jarri dut, eta herritarrak ere animatzeko leiho eta balkoiak apaintzera". Gonzalez ere ez da atzean gelditu. Tabernara sartzerako orduan bandera ikus daiteke, eta barruan ere zalantzarik ez da bertan errealzaleak direla.

Sevillara joan ez izanak ezinegon handia sortu badu ere, are handiagoa elkarrekin ezin ikusteak. "Bestela hemen, Batzokian ikusiko genuke partida, beti egiten dugun moduan".

Ospakizuna (hala balego) ere desberdina izango da, ezingo dutelako lagunartean ospatzeko aukerarik izango. "Aterako gara balkoietara eta egingo dugu soinua, ezin bada nahi dugun bezala ere, espero dugu garaipen ahaztezina izan dadila", gehitu du Esnaolak.

Baikor daude biak, eta garaipenaren koloreak txuria eta urdina izango direla espero dute. Bitartean, urduritasunez eta gogoz itxarongo dute larunbateko partida. Idiazabalek ere, gehien bat, bihotz txuri-urdina baitu.

"Ezingo gara Sevillara joan eta pena izugarria da hori, urtebete zain daramagulako"

Bittor esnaola

Realzalea