- Sevillaren aurkako biharko partida erabakiorreri begira, Realak bere estadioaren gotorleku izaera probestu behar du, Europarako txartela jokoan baitago. Gainera, estatistikak, kasu honetan, talde txuri-urdinaren aldekoak dira; izan ere, Julen Lopetegui gipuzkoarrak zuzentzen duen taldeak Donostiako taldeari egindako 63 bisita horietan zazpi garaipen baino ez baititu lortu (%11), berdinketak 19 (%30) eta 37 porrot, edo, bestela esanda, Realaren garaipenak (%59) izan dira.

1932 eta 1985. urteen artean, Sevillakoek 34 partida ofizial jokatu zituzten Gipuzkoako hiriburuan, eta bat baino ez zuten irabazi; 1954/55 ligan izan zen eta 1-2 irabazi zuten. Quirrok azken minutuan sartu zuen gola, Arza bisitariak eta etxeko Epik bigarren zatian gol bana sartu eta gero. Beraz, mende erditik gorako epean Realari partida bakar batek egin zion ihes.

Galdutako partida hartatik hogeita hamar urte pasa zirenean, galdu zuten berriz gipuzkoarrek Atotxa zaharrean (0-2), eta 1987/88 denboraldian ere galdu egin zuten.

Mende honetan izan du Realak Sevillarren kontrako boladarik txarrena, hiru porrot jarraian pairatu baitzituzten Anoetan: 1-2, 2005/06 denboraldian; 1-3, hurrengoan; eta hiru urte bigarren mailan eman ondorengo partidan ere 2-3 galdu zuten; Diego Rivasek eta Joseba Llorentek bi aldiz aurreratu zituzten gipuzkoarrak, baina sevillarrek emaitza iraultzea lortu zuten, Luis Fabianok gol bat sartu zuen eta Kanoutek bi.

Sevillak Donostian lortutako azken garaipena ez zen nolanahikoa izan, 0-4 irabazi baitzuten andaluziarrek 2016/17 denboraldian, partida hartan Ben Yedderrek hat-trick bat egin zuen.

Bi talde hauen artean Euskadin jokatutako azken partidan emaitza hutsean geratu zen, eta txuri-urdinen azken garaipena orain bi urtekoa izan zen: emaitza 3-1, eta golegileak Iñigo Martinez, Zubeldia eta Carlos Vela mexikarra, oraingo honetan Ben Yedder-en golak ez zuen askorako balio izan.

Datu horiek guztiak kontuan izanik, Sevillaren aurkako partidetan gure gotorlekuak ematen dion indarra baliatu behar du Realak eta partida nola-hala irabazi, Europa Leaguerako txartela jokoan izango baita.

Aurreko denboraldiko norgehiagoka hutsean amaitu zen eta txuri-urdinen azken garaipena orain bi urte izan zen (3-1)