Larhun mendiko parajeetako irudi ba-tzuekin abiatzen da Gutun bat Kottori izeneko dokumentala. Oso naturazalea zen Jose Angel Altzuguren Perurena ‘Kotto’. Larhun, beratarrak igo zuen azken mendia izan zen. Dokumentalaren bidez, Kottoren bizitzari erreparatu diote, haren heriotza hobeto ulertzeko. Urriaren 31n hogei urte bete ziren Soriako (Espainia) espetxeko ziega batean hilik agertu zenetik. Berako Espidobaita kultur elkarteak (Nafarroa) ekoitzi du dokumentala, diru-bilketa kanpaina baten bidez. Garazi San Martin Solanok (Iruñea, 2001) zuzendu du dokumentala eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, Nafarroa, 2002) zuzendari laguntzaile lanetan aritu da.
Dokumentala sortu baino lehen Zapiainek deus gutxi zekien Kottoren inguruan. Batez ere bere bizitza markatu zuten “mugarri garrantzitsuenak” ezagutzen zituen. Horien artean, bitan atxilotu zutela, Poliziaren torturak jasan zituela eta heriotza. Bere buruaz beste egin zuen kartzelan. “Bere bizitza eta gerora heriotza baldintzatu zuten mugarriak izan ziren. Egia erran ez nuen sumatzen gogo handirik zegoenik gauak konta-tzeko. Beti esan didate hagitz kuriosoa naizela, eta txikitan aunitz galdera egiten nituela. Ez nuen erantzunik jasotzen eta orain ulertzen dut jendea ez zegoela prest erantzun horiek emateko”, esan du.
San Martinek urrunago zuen Kotto, eta ez zekien deus. Senide eta lagunei egindako elkarrizketen bidez, biek Kotto beste leku batetik ezagutzeko aukera izan dute. “Ez dugu inoiz ezagutuko pertsonan ezagutu izan bagenu bezala, baina poliki-poliki puzzle moduko bat sortu dugu”, esan du San Martinek. Besteak beste, “lagunkoia”, “umoretsua”, “alaia”, “beti irriarazteko prest”, “borrokalaria” eta euskararekin “oso konprometitua” zela diote haren senide eta lagunek.
Tortura zen bortz egunetan egiten zizutena, gehi horrek zuretzat zein ingurukorentzat zekarren motxila guztia: zama, beldurra, isiltasuna…”
Zapiainek uste du zendu den pertsonari loturiko alderdi onak goraipatzea, “aunitzetan” heriotzari eta doluari aurre egiteko mekanismo bat izan daitekeela. Etxean Kottoren inguruko anekdotak entzuten zituenean, uste zuen horiek aipatzea buruaren estrategia bat zela. Gerora ikusi du ez zela guztiz horrela: “Uste dut alaitasuna eta energia positibo hori nabarmendu izana momentu batzuetan helduleku bat izan dela. Dokumentala egin bitartean ikusi dut ere, hagitz jendezkoa zela eta harremanak zaintzen zituela eta hori zela torturatu aitzinako bizitzaren ardatz nagusia”.
Kottoren sareak behin baino gehiagotan aipa-tzen du atxilotu eta torturak pairatu aurreko Kotto, eta ostekoa zegoela. Bigarrenez atxilotu baino lehen, depresiorako pilulak hartzen ari zen. San Martinek esan du artxiboko irudietan argi ikusten dela aldaketa: “Badakigu nola hil zen, baina ez dugu ezagutzen nola zegoen. Gaizki zegoen. Euskal Herrian horrelako pila bat gertatu dira, eta tortura ez da oraindik amaitu”. Dokumentalean agertzen diren zenbait pertsona Kottorekin batera atxilotu eta tortura zituzten. Kontatzen dute, oraindik ere torturak eragindako beldurra inguruan dagoela. Bat egin du horrekin Zapiainek: “Askotan torturari buruz iraganean solasten da, torturak orainalditik ere du. Tortura zen bortz egunetan egiten zizutena, gehi horrek zure-tzat zein ingurukorentzat zekarren motxila guztia: zama, beldurra, isiltasuna…”.
Ez dugu inoiz ezagutuko pertsonan ezagutu izan bagenu bezala, baina poliki-poliki puzzle moduko bat sortu dugu”
Sentipen horiek guztiak zapalkuntza sistema oso baten estrategiaren parte direla diote. Dokumentalak argi islatzen du Kottoren bizitza, baina uste dute beste pertsona askoren bizitzetara estrapolatu daitekeela. Euskal Herriko Torturatuen Sareak emandako datuen arabera, Kriminologiaren Euskal Institutuak gutxienez 5.657 tortura kasu erregistratu ditu Hego Euskal Herrian egindako ikerketen bidez.
Denbora lagun
Isiltasuna, beldurra eta mina dira maiz gaiaz hitz egiterako orduan agertu diren zenbait hitz eta emozio. Artxiboko irudi batzuetaz aparte, informazio gutxi zegoen Kottoren bizitzan harakatzeko. Elkarrizketak eta hark idatzitako gutunak izan dira informazio iturri nagusia. Uste dute San Martin elkarrizketatuen-tzat ezezaguna izatea lagungarria izan dela istorioa argitara emateko. “Hasieran ez nuen joan nahi ezer ez jakingo ez banu bezala, ez nuelako gaizki geratu nahi. Baina gero ikusi dut, estrategia ona zela zerotik dena kontatzea”, esan du San Martinek. Horrez gain, biak gazteak izatea garra-tzitsua dela diote. Xedeetako bat transmisioarekin jarraitzea eta gazteen gana iristea da.
Bat egin du horrekin Zapiainek, eta gaineratu denbora faktore garrantzitsua izan dela. Sentitzen du dokumentala gertatu zenaren inguruko “lehenengo kontakizun osoa” izan dela. Osoa ez bada ere, heriotzaren titularretik harago doan kontakizun bat dela diote. “Dokumentala solasean hasteko eta zauriak sendatzen hasteko ate bat izan da”, dio Zapiainek. Nabarmendu du bi faktorek baldintzatu dutela orain arteko isiltasuna: “Batetik, tortura hagitz ongi egituratua zegoen, eta pertsona horien inguruan mina, beldurra eta mehatxuak zabaltzen zituen. Bestetik, testuinguru politiko korapilatutik etortzen diren emozioak: mina, errua…”. Horietaz guztietaz mintzatu dira dokumentalean.