Ane Lindaneren eta irratiaren arteko harremana Hemezortzi urterekin hasi zen. Ordutik ez dio ahotsarekin magiarik egiteari utzi: dela irratian, bakarrizketetan edo aktore gisa, ibilbide luzea du jendaurrean, batez ere, umoretik. Elkarrizketa honetan barre artean kontatu du bere ibilbidea eta euskal umoregintzarena.

Hasteko, nola laburtuko zenuke zure ibilbidea irratigintzan eta umoregintzan?

18 urterekin hasi nintzen irratian, Bilboko Irola irrati librean. La zona crítica irratsaioa egiten nuen, zientziari buruzkoa, umoretik pseudozientziak desmuntatzen genituen. Garai horietan ere, Bilboko Okupazio Bulegoan nengoen, eta noizean behin hitzaldiak emateko deitzen ziguten. Nik okupatzerakoan gerta daitezkeen gauzei buruz hitz egiten nuen, eta egia esan gauza dibertigarriak gertatzen dira, beharbada momentuan hain dibertigarriak ez direnak, baina hain txoroak direnez, gerora kontatuta dibertigarriak izan daitezkeenak. Eta horrela sortu zen nire lehenengo umorezko bakarrizketa, okupazioari buruz. Hasi nintzen gaztetxez gaztetxe ibiltzen, moldatzen, eta gerora beste bakarrizketa batzuk sortu nituen beste gai batzuk jorratzeko.

Eta orain, zertan zabiltza zehazki?

Irratian kolaborazioak egiten ditut eta websailetan aktore lanak, baina, batez ere, umoregintzan nabil.

‘Despotorre’ saioa daramazu Raquel Torresekin batera.

Umore ikuskizun bat da, bi bakarlari gara eta bakoitzak 45 minutu inguruko saioa egiten dugu. Antzeko gaiak jorratzen ditugu, baina pertsona desberdinak gara, leku desberdinetatik gatoz. Hala ere, esango nuke biok nahiko umore punkia egiten dugula, nahiz eta berak bere burua txonitzat errebindikatzen duen.

"Nire lagunari kosta egiten zaizkio guztiz zentzudunak diren pertsonak, erosoago sentitzen da zenbait"

Eta, ‘Despotorre’-tik, ‘Despotorropen’ jaio zen, ezta?

Bai. Mikrofono ireki saio bat da, jam session baten modukoa. Umoregileok publiko aurrean probatu behar ditugu txisteak eta entseatu, jakiteko zerk egiten duen grazia eta zerk ez, eta horretarako antolatzen dira mikrofono irekiak. Emakumeak lehenesten dituen lehenengo open mic-a da Bilbon, eta guk dakigula ez dago horrelakorik Euskal Herri osoan. Hilero, bost umorista datoz hamar minutuko saioa egitera eta haien testuak probatzen dituzte.

Txisteak probatu egin behar dira, orduan.

Bai, orduan konturatzen zara publiko motaren arabera, gauza batzuek grazia dutela eta beste batzuek ez. Gertatu izan zait Bizkaian grazia handia duten txiste batzuek beharbada Gipuzkoan ez izatea. Segun eta non egongo naizen txiste batzuk ez ditut berdin kontatzen, beharbada jendeak txartzat hartuko dituelako. Baina beste batzuetan argi daukat zer eta nola esan nahi dudan. Adibidez, oso garrantzitsua iruditzen zait abortuari buruz modu friboloan hitz egitea, iluntasun horretatik ateratzeko eta desdramatizatzeko, eta bost axola zait baten bat ofendidito jartzen bada.

Testuak idaztean mugarik jartzen diozu zure buruari?

Nik ez dut Auzitegi Nazionalean bukatu nahi, baina txiste bat kontatzeagatik baldin bada, hor bai dagoela txiste on bat. Zentzu horretan, Internetera igotzen ditudan bakarrizketak askoz ere suabeagoak dira zuzenean egiten ditudanak baino.  

Nola definitzen duzu zure umorea?

Nahiko punkia, politikoa eta probokatzailea. Gauzak oso modu gordinean azaltzen ditut, tako asko esaten ditut, politikoki gauza ez zuzenak. Gaurkotasunarekin, politikarekin eta sozialki gertatzen diren fenomenoekin lotuta dagoela esango nuke.

Zergatik egiten duzu umorea?

Nik zer dakit... ikasketarik ez dudalako, ez nuelako Batxilergoa bukatu! (barreak) Bizi-tzak hona ekarri nau. Nire ideiak eta gogoeta politikoak azaltzen ditudanean, paralelismo asko sortzen ditut, eta orduan kontura-tzen naiz grazia handia dutela eta jendeari barregarriak iruditzen zaizkiola. Hor topatu dut gauzak helarazteko modu bat. Batzuei gustatzen zaie eta ni eroso eta pozik nago jendeari barrea eragitearekin.

Zelan ikusten duzu umoregintzaren sektorea Euskal Herrian?

Pentsatu nahi dut zerbait berria egiten ari garela denon artean, eta oraindik ere ez dagoela publikorik, gu ari garela sortzen. Bestetik, uste dut oso zaila dela euskaraz umorea egitea, topikoak falta zaizkigulako, mundu guztiak ezagutzen dituen txiste horiek. Horregatik, askotan, “metaumorea” egiten dugu: umorea egiten dugu euskaraz, euskarari buruz. Bestalde, gertatu izan zait txiste bat euskaraz kontatzea eta nahiz eta publikoak bikain ulertu, barrerik ez egitea; ordea, gaztelaniaz txiste bera errepikatuta bai. Hori da euskara hizkuntza akademikoarekin lotuta dagoelako, hizkuntza serioa da. Eta gero, leku batzuetan badaude gai batzuk ukiezinak direnak eta ezin da txisterik egin horien gainean.

Elkarrizketa amaitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?

Bai, primizia bat! Raquel eta biok Despotorre Euskal Herritik kanpo eramaten saiatzen ari gara, eta badirudi urri amaieran Madrilgo Galileo Galilei aretoan egongo garela. Hau jarri mesedez, oso pozik gaude!