Izugarria da egun originaltasunari zor zaion miresmena eta egiletzaren izenean esaten diren gehiegikeriak. Garai batean gaur egun baino ohikoagoa zen abesti propioak ez jotzea. Kultura eta musika batez ere, bata bestearen kopiaren kopia kopiatuz joan da garatzen, eta hala, kantu herrikoiak eta bestelako estandarrak ohikoak izan dira musikaren historian. Garatuz joan den arte bizia da musika, eta artista askok beste baten abestia moldatuz lortu zuten ospea. Hala, musikan eragin handiena izan duten lanak askotan moldaketak izan dira, abesti originalen egileak jakinaren gainean egon gabe. Izan ere, blues, soul eta jazz abesti asko estandar bihurtuz joan ziren, hau da, estilo bat jotzeko txantiloi moduko bat.

Ondo dakite gaurko protagonistek: Washingtoneko 'The Winstons' taldeko kideek. 1960ko talde prototipikoa zen 'The Winstons': funk eta soul estandarrak jotzen zituen zazpi kidez osatutako taldea, haize sekzioa eta guzti. 1969rako arrakasta handia lortuko zutela uste zuten Color Him Father singlearekin, baina ez zuten ezer B aldean sartzeko. Soul abesti sentimental eta familiarra zen singlea, eta ziur zeuden bere eraginkortasunaz, baina zer sartu B Aldean? Azkenean, Amen Brother deitutako sasi inprobisazio instrumentala sartu zuten, erritmo grinatsu eta haize melodiko itsaskorrak dituena, singlearen egituraren erabat kontrakoa. Abestiok bata bestearen kontrajarrera islatzen dute: pop abesti borobila eta inprobisazio azkar eta bihurria. Hor sortu zuten jakin gabe, geroko musika modernoaren oinarri izango zen pieza: Amen Break-a.

Sample teknika, musikarako bide berriak irekitzen

Abestien bertsio herrikoiak, moldaketak, standardak edota riddimak mende hasieratik izan dira ohiko. Gerora, DJek break dancerrak dantza egin zezaten "break"-ak bilatzen zituzten. Hau da, loopean jartzen zituzten erritmo errepikakorrak, normalean bateria zatiak, zeinei "break" deitzen amaitu zen. Baina, samplerra heldu zenean, musika berregiteko eta birmoldatzeko mundu berri bat ireki zen. Sampler batek musika konkretuaren oinarria erabiltzen du: grabaketak. Grabatutako audioen abiadura eta tonua aldatzea ahalbidetzen du, gero nahierara erreproduzitzeko. Hau da, musika musikarekin egitea.

Teknika horri esker konturatu ziren musika ekoizleak 'The Winstons'-en Amen Brother kantak erdian bateria solo txiki bat zuela, 6 segundotakoa, aukera asko eskaintzen zituena. Hasteko, bateriak bakarrik jotzen zuen eta garbi entzuten zen soloa. Horrek moldatzeko aproposa egiten zuen: abiadura ezberdinetan erabil liteke eta konpasak osoak ziren, nahi den tokitik moztu eta kiribildu zitezkeelarik. Sinkopa ezberdinak ditu, beraz erritmo berdinaren bertsio ezberdinak eratu zitezkeen, duen bultzada energikoa galdu gabe. Robotiko eta organikoaren artean zegoen. Eta gainera, disko merke merkea zen, izan ere, A aldearen arrakastak milioi bat kopia saldu zituen eta urrezko disko eta Grammya irabazi. Baina ezustean arrakasta askoz gehiago lortuko zuen, ia 2.000 aldiz sampleatu den abestia baita.

Kultura metatze prozesu eratzailea

80ko hamarkada erdirako, samplerren maneiatzea demokratizatua eta break dantzen soinuak barneratuta, rapean hasi zen erabiltzen sei segundotako lagina. 'Salt N Pepa'-ren I Desire abestian erabili zen lehenengoz, mantsoago erreproduzituta (gaur hip hopean ezagutzen den bombo-kutxa soinuaren aitzindari). Rap eszenan asko erabili zen, beste askoren artean 'NWA'-ren Straight outta Compton ereserkian. Itsasoaz bestalde, Erresuma Batuan rave mugimendua nagusitzen hasia zen 80ko hamarkada bukaerarako. Han, abiadura handituta laginak zuen potentzialaz jabetu ziren eta jamaikar baxuekin lagunduta "jungle" estiloaren lehen pausoak eman zituzten, geldiezina bihurtu zen arte: Noise Factory, Omni Trio, General Levy€ mainstreamera arte egin zuten salto Amen Break-arekin, "drum n bass" arrakastatsua eratuz.

Gaur egun ia edonon entzun daiteke Amen Break-a: Tyler The Creator raperoaren abestietan, Chase & Statusen elektronika dantzagarrian, The Prodigyren diskografian zehar, eta baita Futuramako sarreran ere! Abesti eta estilo berriak sortzeaz haratago, sample teknikatik at, bateria jo eta konposatzeko estiloa sortu du 'The Winstons'-en musika laginak. Baina, zer uste du 'The Winstons'-eko Gregory C. Coleman bateriak haize instrumentu artean betetzeko sortu zuen bateria erritmoaren ospeari buruz? Bada, tamalez 2006an hil zen txiro-txiro egina eta kalean eskale, inolako aitortza izpirik gabe.

Samplea erabili zuten artista gehienek etekin ekonomikoa atera zuten, orduan samplinga eremu grisa baitzen legalki, eta ez zen beharrezkoa artista originalaren baimena hura erabiltzeko. Bestalde, 2015ean crowdfunding bat jaurti zen Richard L Spencer 'The Winstons' taldeko abeslari eta eskubideen jabeari dirua emateko, 24.000 dolar batuz. Argi dagoena da Amen Break-a kultura unibertsalaren eta sormenaren erakusle garbia dela, eta hala frogatu dutela ordutik etengabe erabiltzen joan diren sonoritate eta teknikak, gehienetan jabetza intelektuala kolokan jarri eta konposizioaren inguruko hausnarketa bultzatzeko.