Gure gorputza xake taula bat bada, zer da zuri eta zer beltz? Arauok ez dira sartzen gure buruetan errez. Burua nahi bada berrets, gorputza zer da, ezer ez. Bukatu beharko dugu guk geure buruak errez. Gorputza edo burua, bizitza edo heriotza, gizona edo emakumea€ Binarismo edo dikotomiez beteriko gizartean, kategoria horiekin bukatzeaz hausnartuko dute Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Euzkitze eta Leire Vargasek. Katerigoak "erre" egin nahi dituzte.

Bertso munduak batu du oholtza gainean ikusiko dugun laukotea eta Lanku kultur zerbitzuak egindako proposamenetik abiatu dira eRRe. Aldarri bat bertsoz proiektua ontzeko. Bertsoa zabaldu eta biziberritzeko proiektuak sustatzen ditu Lankuk, aurretik Erradikalak gara, Erradikalak ginen eta Gorria ikuskizunekin.

"Horien lekukoa hartzeko beste zerbait behar zen eta guri proposatu ziguten. Premisa, bertso emanaldi berezi bat sortzea zen, erronka edo proposamena hartu eta hortik aurrera guk geuk hartu ditugu erabaki guztiak", azaldu du Leire Vargasek. Bertsolaritza ezezik, antzerkia, narratiba eta poesia errezitatua barneratzen dituen ikuskizuna sortu dute.

Dualismoak hartu dituzte ardatz, gure pentsatzeko era eta gure gizartea orokorrean dualismoen baitan antolatuta dagoela adieraziz. Euren esanetan, beti sortzen ditugulako kategoria batzuk gauzak definitzeko: beltza da zuriaren kontrakoa, ona txarraren kontrakoa€

Hortik, gauza konplexuagoetara salto egiten da, andrea da gizona ez dena, etab. "Guk hori marko gisa hartu genuen, zelan kategoria horiek sortu ditugun, baina guztiz modu eraikian, ze gero errealitatearekin ez datoz bat, kategoria horretan sartu nahi dugu dena, baina ez da naturalki gertatzen den zerbait".

KRITIKA SOZIALA

Hortik abiatu dira, eurek zeharkatzen dituzten gauzen inguruko kritika sozial bat egiteko. "Azkenean gu gazteak gara eta laurotatik bat ere ez da heterosexuala. Bi etiketa horiek egunerokoan baldintzatzen gaituzte. Horri lotutako kritika nahiko zorrotza egin dugu eta gure egunerokotasunean eragina duten gatazkak plazaratu ditugu, bai bertso munduan eta baita hortik kanpo ere".

Izan ere, bertsolaritzan dabiltza lau sortzaileak eta kontatu dutenez, gizartean orokorrean ematen diren gatazka horiek, askotan bizi izaten dituzte bertso mundura eramanda.

Emanaldia eszena ezberdinetan dago banatuta, eta bakoitzak bere zentzu propioa du, nahiz eta gero lotura dagoen euren artean eta badagoen garapen bat eta ildo jarrai bat. "Lantzen diren gaiak batzuetan bertso munduan kokatu ditugu eta besteetan aldarri orokorragoak dira, baina ulertu daiteke mundu horretatik kanpo egon arren. Azken finean, nik uste dut bertso munduan bizi ditugunak beti direla gauza orokorragoen ordain bat".

Ikuskizunaren helburua hausnarketa eta kritika dira, baina "autokritika dezente" ere egiten dutela aitortu du Vargasek: "ez dugu inondik inora hitz egiten gu ertzekoenak bagina bezala, pribilegio eta inkoherentzia asko ditugu guk ere eta horri ere begiratzen diogu".

IKASKETA PROZESUA

Laurek batera horrelako zerbait egiten duten lehen aldia izan da eta esperientzia didaktiko eta aberasgarritzat jo dute. "Egia da oso estilo ezberdinak ditugula, eta horrek batzuetan gatazkak sortu dituela, baina ikasketa prozesua izan da eta saiatu gara banatzen gure harremana eta ezberdintasun artistikoak".

Orokorrean bizipen ona izan den arren, momentu gogorrenak eszenaratzeari begira bizi izan dituzte, eurentzat "nahiko mundu arrotza" delako eta horrelako egoeretan "norbera ere tentsioan" egoten delako.

Proiektua eszenara eramateko Edurne Azkarate aktorearen laguntza izan dute. Iragan abenduan jarri ziren bere zuzendaritzapean: "gu oholtzan egon garenean bertsotan aritzeko izan da eta hor rol zehatz eta "sinple" bat duzu, baina oso urrun dago antzerkitik.

Ikusi genuen bazegoela antzerki munduko norbait ekartzeko beharra eta Edurne aurretik ezagutzen genuenez, eta bagenekienez langile fina zela, proiektuaren parte izateko eskatu genion". Bestetik, Miren Amuriza aholkularitza lanetan aritu da, berea izan baitzen Gorria, Lankuren aurreko proiektua, eta laguna dute, gainera.

Esperientziaren bigarren zatia hastear dago orain, eRRe. Aldarri bat bertsoz jendaurrean aurkezteko parada, hain zuzen. Otsailaren 5ean dute euren lehenengo emanaldia, Durangoko San Agustin Kultur Gunean eta sorkuntza jendearekin kontrastatu ahal izateko gogotsu dago laukotea, baita urduri ere.

"Taulara eramaten dugun bakoitzean sortuko den zerbait izango da, hobetzen joango gara, eta horretara heltzeko ere gogotsu gaude".