Udako abuztua izaten dugu urte osoan zehar beti laster datorkigun udararen ikur sinbolikoa, oporren, eta ahal den neurrian, egunerokotasun pisu astunarekiko deskonexio beharraren ikur ametsa hobeto esan. Urte osoan zehar une horretan bertan jarri ohi dugu ezinbestez gure indar-gune gisa iparra, helmuga eta giza irrika. Egi berdaderoa noski, baina egi borobilena esatekotan opor mota asko dago aukeran eta aldioro geure bizitzetan zehar. Nik halaxe deritzot behintzat. Gogoan daukat adibidez "Gezurra Nagusi" zelarik ETB1eko programarik ospetsuenetan ezagunena, 1992. urtean uste dut hain zuzen, ni neu erabateko txapelduna izan nintzela, gezurretan nagusi gertatu nintzela alajaina. Txapelduna beraz, sosa batzuk poltsikora ezustean eta etxeko zulotxoak estaltzen hasteko tentaldiari amore eman baino lehen, emaztea Patrizia, bi alabatxo Leire eta Enara eta ni neu Kanariar uharteetara (baita Balear irletara ere) ezusteko eta bat-bateko bidai galaktikoa izateko aukera izan genuen.

Ondoren Lizarra ingurua izan zitzaigun opor leku guztiz estimatua urte luze askotan, Corella ere aski ondo ezagutu genuen bi alabak gupidagabe eta lotsagabeki koskortzen ari zitzaizkigun abiadura geldi ezin bitartean. Gogoan dauzkat, askoz lehenago noski, haurra nintzelarik nire guraso, Inosen eta Xixili, eta anai arreba txikiekin, Arantxa eta Juan Ramonekin Ezkarai, Santo Domingo de la Calzada, Almunia de Doña Godina e.a.rretan igarotako oporraldiak. Gaur egun aiton gaztea bilakatu naiz, baina aitona, nire bi alabek aitondu nautelarik hiru biloba-perla guztiz maitagarriak ditut, Noa 9 urte, Natale 7 eta Eki 8 hilabete. Udara, Donostian bertan igaroko dut txandaka beraiekin. Eta zinez diotsuet irakurle udatiarrak zareten zuok, Noa edo Natalek eskutik helduz, "aitona" deitzen didatenean, edota Ekik irribarre abegikor, adeitsu eta kautibadorea ezustean oparitzen didanean, orduantxe erabakitzen dudala bihotzaren ikur propioa beraiek direla eta Donostiatik mugitu gabe maite ditudala maite nire oraingo oporrak.

Bai uda. Oporrak. Eguraldi ederra. Donostiako parke batean nauzue biloben kolunpioak bultzatuz behin eta berriro, etengabe, eta bide batez zirrikitutik begira Euskal Herriko gaztetxoen zelaira. Oraingoan gaztetxoak ditut gogoan beraz. Eta noski, hoberena opa diet, baita euskal gizarteari eta guztion artean eraikitzen ari garen Euskal Herriari. Eta zirrikitu ezkutu honetatik elkarbizitza datorkit burura, zutabea eta giltza baita etorkizuna marrazteko. Eta pentsatzen dut elkarbizitzak borondatea eskatzen duela, zintzotasuna, erantzukizuna, historiaren eta biharko egunaren sena eta bide-batez ondorengoentzat lekuko hoberena uzteko borondate tinkoa. Elkarbizitzak seriotasunez hartu behar du gure Euskal Herri honetan izan diren indarkeria guztien biktimekiko elkartasun-ahalegina eta indarkeria bidegabea izan zela onartzea eskatzen du. Autokritika beraz, ezinbestekoa oroitzea.

Zubigile lana. Ezin inor baztertu, guztiok dugu gonbita erronkan. Sinesmen politiko eta ideologikoak, nortasunak eta atxikipen nazional ezberdinak zilegiak izanik ezin oztopo bilakatu. Elkarbizitza eztabaida patxadatsu eta lasaia da. Bestearen iritzia bidezkoa dela aitortzeko prest egon behar guztiok, agian batzuen batzuk besteak baino gehiago. Guztion lana da elkarri begirunez so egitea, erronka kolektiboa, aurrera begiratu behar adorez, ausardiaz, nekaezintasun eta erabakitasunez, sendo eta zuzentasunez. Premisa batetik abiatu behar: desberdintasunak aitortzea normaltasunez.

Ez da nahikoa existitzea eta toleratzea, bizi egin behar, elkarrekin bizi, lan egin eta ilusioa izan. Guztion artean lortu behar politika eta demokrazia garaile izatea. Jokoaren arauak errespetatu eta bide demokratikoetatik bakarrik defendatzearen printzipioa onartu. Elkarbizitza garaiak goiz-alba argi baten gisa alboan nabaritu nahiko nituzke eta ez soilik amets goxo baina supituki hautsi baten eran. Abertzale honek hoberena opa dio bere Aberria den Euskadiri. Kolunpiotan gaztetxoen biharko eguna daukat garun eta bihotzean.

Parkeko kolunpiotan jarraitzen dut, bilobak jolasean, abesten, bata euskaraz, bestea ulertzen ez dudan ingelesez. Biek euskara eta gaztelera menperatzen dute, ingelesez txapurreatzen. Biek uste dute munduan eta Europan hiru hizkuntza soilik daudela, euskara, gaztelera eta ingelesa. Nik ezetz, gehiago daudela eta frantsesez hitz egiten diet, parra egiten dute, botepronton zerbait asmatzen ari naizela deritzote. Aipatzen diet Europan bakarrik dozenaka hizkuntza daudela. Europa? Zer da Europa? galdetzen didate. Eta begira jarri naiz begira Europako zelaira eta hara zer gurutzatu zaidan zirrikitu honetatik gure betiko Koldo Mitxelena handiaren gogoeta paregabea: "Niri behintzat ezinezkoa egiten zait Europari buruzko zalantzak izatea, nire erroak bertan baitaude Nahi izan ala ez izan, kultur europarra, gure osagaietatik nahiz kanpokoetatik abiatuta oratua, guztiona da, ez nirea bakarrik. Gure berezitasuna europartasunaren gorputzari usain eta kolore berezi bat ematen dion epidermis fina besterik ez da".

Shuman, Adenauer, Monnet eta De Gasperi gogoan, baina baita gure Jose Antonio Agirre Lehendakaria ere, Irujo, Landaburu e.a, zeren gogoan izan, eta ez dakit ahaztu samarrean ditugun, Europa eta euskaldunon arteko harremana ez da gaurkoa. Euskaldunok aspaldidanik begiratu izan diogu Europari eta berak suposatu liokeena Euskadiri. Euskal presentzia, euskaldunok, Europan proiektatzeko ahalegina, urrutitik dator. Ordezkari euskaldunak zeuden Europar Batasuna eratzeko prozesuan eman ziren une kronologiko garrantzitsuenetan: Londres, Luxenburgo, Paris, Brusela, Erroma dira euskal ordezkaritzen presentzia eta lanaren lekuko. Jakina da erabaki europarrek eragina dutela gure autogobernuan, horregatik Euskadik erakunde europarretan presentzia zuzena izateko aldarrikapena, erabaki prozesuetan partaidetza handiagoa erreklamatuz. Zeren espazioak dimentsio sozial berri eta desberdina eskuratu du, ezer ez da arrotza inorentzat. Kolunpiotan jarraitzen dut, frantsesez abesten nire biloba laztanen aurrean.

Idatzi nahi diet eta arraro egiten zait erregistro honetan beraiei idaztea, (zuei idaztea biloba estimatuok) zeren urteak joan eta urteak etorri, koskorrago izango diren garaitan, ohitu beharko naiz zuekin beste era batetara aritzen. Zuok, hirurok, nire alaben Leire eta Enara, alabak eta semea zaretenok hazi eta heziko zarete eta kosta egingo zait, badakit, zuek zaretela ohartzea etxeko pasilloan ikusiko zaituztedan bakoitzean. Zuen hazte horrek nire barne grinetan kontraesanez beteriko sentimenduak sortarazten dizkit, besteren artean nire eta zuen amona eta nire emazte Patriziaren zahartzaroa dakarrelako halabeharrez, bizitzaren legearen patu saihestu ezina. Jakin bizitza zaila dela, ez erraza, batzuetan polita, bestetan gogorra eta latza, malkoak eta irribarreak askotan nahastu egingo zaizkizue, lorpenak eta porrotak segidan etorriko. Ausardia eta kemena, buru hotza eta bihotz beroak ezinbestekoak izan beharko zaizkizue. Hegan hasiko zarete, horrela ikasi berria duen txoritxo batek bezala, hegaldi luzeari ekingo diozue eta polita, ederra izango, da, zuek koskortzen ikustea.

Zerbait esan nahi dizuet amaitu aurretik, euskaldunak gara, burujabetza bila dabilen euskal lurreko seme-alabak, ez txanda-pasarik egin, jator jokatu, zintzo eta leial, lan egin biharko gizarte hobea izan dezaten zuen seme eta alabek. Partaide izan abentura horretan. Asko lortu da, baina jakin, ezagutzen duzuen gaurko Euskadi, esfortzu, ahalegin eta kemen askoren emaitza emankorra dela. Euskara da zuen ama hizkuntza, euskaraz heziko zarete, zuentzat "normala" dena askoren egoskorkeriari esker lortua izan da, Euskadiri, urte ilun, latz eta zailetan, izandako konpromiso zintzo eta leialari zor zaio. Oraindik badago lortu beharrik. Oso aspalditik datorren Euskal Herri zahar bat gara, baina biziberrituz dagokigun etorkizuna gazte baten gisa bila gabiltza. Jarrai dezala kate honek, kate guztiak ez baitira berdinak. Zorte on bizitzan hiruroi.