Ohikoa izaten da gure gurasoen eta aitona-amonen kontu zaharrak entzutea. Aita konta iezadazu berriro abestu zuen Ismael Serrano abeslariak 68ko maiatzari erreferentzia eginez. Lasaia kantua. Baretasunetik ordea ezer gutxi izan zuen urte hartan gertatutakoak.

1968ko maiatza zen. Parisko unibertsitateko ikasleak bat-batean kalera atera ziren eskubide sozial eta askatasun gehiago erreibindikatuz, kontsumo gizartearen, kapitalismoaren, inperialismoaren eta autoritarismoaren aurka. Hippyen garaia zen, Rolling Stons eta Beatles-ena, minigona eta galtza kanpanena, azken hatsa hartzen ari ziren diktadore zaharkituen garaia. Laster matxinada hura beste hiri batzuetara hedatu zen eta industriako langileak, sindikatuak eta Frantziako Alderdi Komunistak, olatua aprobetxatuz, erreboltara gehitu ziren. Greba orokorrak izan ziren nagusi, liskar bortitzak manifestari eta poliziaren artean. Askatasuna zuten helburu, amets ikasle haiek, sexu askatasuna, ekologia, hezkuntzan berdintasuna edota feminismoaren alde egin zuten, gaur egungo hainbat mugimenduren aitzindariak izan zirela esan daitekeelarik. Zaharkitutzat ematen zituzten ohiturekin eta sistemarekin amaitu nahi zuten eta sistema bera aldatzea lortu ez zuten arren, sustatzen saiatu ziren ideiak bai hedatu ziren. Nahiz eta Charles de Gaullek hauteskundeak aurreratu, udaberria amaitu izanak ziurrenik zerikusi handia edukiko zuen matxinadaren amaierarekin, denok baitakigu ikasle garaian urteko sasoi horretan odola eta hormonak nola edukitzen diren.

Berrogeita hamahiru urte igaro dira ordutik. Historiako garai askotan, berrogeita hamahiru urtetan zehar gauzak ez ziren asko aldatuko, baina gure garaian, ordea, bizitza, gizartea, asko aldatu da ikasleek Parisko kaleak hartu zituztenetik. Ezagutzarena dugu gaur egun bizi garen gizartea, postindustriala. Baita postmodernoa ere. Gustuko dugu post edo neo bezalako aurrizkiak erabiltzea, XXI. mendeko nazi bati neonazi deituz edota neokolonialismoa egungo kolonizazio ereduari, adibidez. Postcovid izango omen da pandemiaren ondorengo aroa. Gizarte aurreratuetan populazioaren gehiengoak zerbitzuetan egiten du lan, hots, hirugarren sektorean eta sektore horrek aberastasun handiagoa sortzen du bigarrenak baino. Hortik postindustrialaren esanahia. Digitalizazioarekin eta, batez ere, inteligentzia artifizialarekin laugarren industria iraultza, 4.0 Industria deritzona iritsi da. Honek, agian, gure gizartea normaltasun berrian sartzen denean, sistema kapitalista bera ere zalantzan jar dezake. Postkapitalismo batean sartuko ote gara? Edo sartzen ari gara? Aro berri baten hasieraren garaian ote gaude, hau da, pre batean? Gizartearen hainbat esparrutan aldaketa sakonak ekarriko dituenez pandemia honek, baliteke etorkizuneko historiako liburuetan 2020a aro berri horren hasiera bezala ezartzea.

Ez naiz iragan den denbora duguna baina hobea izan dela pentsatzen duen horietakoa, eta noski aurrera begiratu behar dela, baina dena atzoko nahi edo behar dugun gizarte honetan, informazio baino desinformazio gehiago dagoenean, konformista izatea inkonformista izatea baino ezohikoagoa bilakatu denean, inteligentzia artifiziala gizakiaren inteligentziari gailendu zaionean, Batxilergoko titulua ikasgai bat gainditu gabe eskuratu daitekeenean, ikasleei konpetente baino konpetitibo izateko irakasten zaienean, dena politika denean, dena lana denean, hitz egin ordez whatsappeatzen dugunean, lagun taldeak eduki beharrean WhatsAppeko taldeak ditugunean, pilotari txapeldunei txapela dron batekin ematen zaienean, ingelesa euskararen gainetik jartzen denean, ateratzera doanari pasatzen uzten ez zaionean, hiruzpalau minututik gorako bideo bat luzeegia iruditzen zaigunean, baita askorentzako idatzi hau bera ere, norbaitekin hizketan egon eta nahiago dugunean mugikorrarekin beste norbaitekin hizketan aritu, plataforma berriek eskaintzen duten aukerekin serieak film luzeak bilakatu direnean, zalantzan jarri eta kritikatzea galdu denean, herenegun gertatutakoa ahazten dugunean (edo nahi dugunean), mesedez eta eskerrik asko bat entzutea gero eta garestiagoa denean, hobe genuke akaso, gelditu, arnasa sakon hartu, atzera begiratu eta hanka non sartu dugun atzematen saiatu. Bestela, ziurrenik aberastasun ekonomikoaren aldetik, erosotasunetik, praktikotasunetik, etorkizun oparoa edukiko dugu, baina moralitate edo gizatasun aldetik, aldiz, baliteke ezetz. Aurrera goazen heinean, bien bitartean, atzera begiratuta gure gurasoen eta aitona-amonen kontakizunak nolabaiteko nostalgiarekin entzuten jarraituko dugu.