Harriduraz eta penaz irakurri dut Xipri Arbelbide, apaiz heletar adiskideak argitaratu berri duen Oilarra kukuruka saiakera, 2019ko Miguel de Unamuno Saria (Erein 2020). Eliza katolikoak gurean bizi duen hilzoria baita saiakeraren gaia, harriturik nago nolaz ausartu den egilea izenburu hori jartzera, oilar-kontuak aipatzera non eta hemen, noiz eta orain. Azkeneraino Xipri. Ez dago amore emateko. Laurogeita sei urte bizkarrean, Baionako katedraleko kanpandorre zorrotzera igo zaigu, gorago nahian, kukurruku jotzera. A zer energia eta kuraia zureak! Harridurak baino, halere, tristurak hartu nau lehen lerrotik azkenekora, ikusiz nola kukurruku ozena deitore samin eta nahas, arrangura ilun eta urratu bilakatzen den orrialderik orrialde. Ulertzen dut. Eliza eder eta garai, jaun eta jendetsu, ama eta maistra, onaren jabe goren eta egiaren jakitun bakar amestu duenarentzat, eta bere indar eta gaitasun guztiak ez gutxi ere! Euskal Herrian nahiz Afrikan horrelako Elizaren alde xahutu dituenarentzat, bizitzaren hondarrean, jaso nahi izan duen eraikina arrakalatzen eta atzera-bueltarik gabe amiltzen ari dela ikustea mingarria da oso. Tripako minez idatzia da Oilarra kukuruka, dio Xiprik berak, eta ezagun du nahasmenean eta bihurraldietan. Zerk mintzen eta irabiatzen dizkio, bada, horretaraino barruak? Elizaren gainbeherak, bere Euskal Herri maite honetan nahiz gizarte moderno guztietan bizi duen bizi duen herio-zoriak: elizak hutsik edo itxita, hainbat elizatan mezarik ez eta hainbat mezatan mezatiarrik ez, katiximarik ere ez ai, garai bateko katixima maitea, non betiko egiak betiko ikasten baitziren hain modu xumean!. Dena joan da, edo badoa, bere harridurazko eta atsekabezko begien aurrean. Ezin du ukatu, baina ezin du ere ez ulertu ez onartu, eta errudunaren bila ekiten dio. Ez da inoren errua, Xipri adiskidea, sinetsidazu. Kartatenporei jada jaramonik egiten ez dion eta errogatibak egiteari aspaldi utzi zion arrazoi beragatik baztertu ditu jendeak erlijio-sineskizunak eta praktikak: eskolan eta bereziki Unibertsitatean zientziak ikasten dituelako. Ez dira horregatik ez hobeak ez txarragoak. Burua eta mundu-ikuspegia aldatu zaie, besterik ez. Oso sinplea da. Xiprik, ordea, ez du hala ikusten, eta uler-tzekoa da haren tripako mina. Baina denok nahi gintuzke tripako minez (136. or.), eta hori ez da egoki. Nazareteko Jesusi ere ez zion sekula tripako minik eman Eliz erakundearen gorakadak nahiz beherakadak Jainkoak gorde gaitzala gu ere!, ez bai tzuen inoiz burutik pasa inolako Eliz erakunderik.

"Nolaz da leher egiten ari Eliza" Euskal Herria bezalako "urrezko populu baten erdian"?, galdetzen du Heletako apaizak, bere arrenkurari jareinez. "Nonbait bada zerbait joan ez dena!" (213. or.). Eta nahasturik eta urduri itauntzen du: "Zertan huts egin dugu?" (221. or.). "Dugu" erretorikoa da, noski, Xiprik berak ez baitu inon ager-tzen ezer gaizki eginaren kontzientziarik. "Zu bekatari" luzea da oilarraren kukurrukua.

Nolanahi ere, Arbelbidek sarri eta goraki dio, gurea bezala kontsumismoak jotako gizarte aberatsetan baizik ez doala behera Eliza: "Leher egiten ari den gizarte batean da leher egiten ari Eliza Hiltzen ari den gizarte batean hiltzen ari" (144. or.). Munduan zehar, aldiz, "hor dago beti, sekula baino indartsuago" (140. or.), zenbakiak lekuko itxuraz: "Munduan barna, katolikoen kopurua goiti doa urtez urte, urtean hamahiru milioiz" (153. or.). Ez du dena esaten, ordea: munduko biztanlegoaren hazkundea askoz handiagoa dela elizkideena baino, eta musulmanak gehiago ari direla ugaltzen kristauak baino, hots: propor-tzioei begiratuta, Eliza behera doala orokorrean. Ez lioke inori inporta izan behar, baina Xipriri bai, inporta dio, gehiegi inporta ere.

Horregatik utzi nahi luke argi eta garbi nahiago eta ezinago, arazoa ez dela Elizarena, hiltzen ari den gizartearena baizik. Bera gaixo delako baztertzen duela gizarteak erlijioa. Beraz, gizarteak eta kulturak behar dutela aldatu, ez Elizak. Ez dakit berak sinesten ote duen, baina inor gutxik sinetsiko dio.

Halere, Arbelbide kexu da. Eta jakin badaki, ustez bederen, non diren gure gizarteak eta kulturak pairatzen duten gaitzaren sustrai ustel galgarriak: komunismoa bata, 1968ko Maiatza bestea. Komunismoa lehen errudun: "Zertan huts egin dugu? Ez ote genuke Jesusen baitan baino fede gehiago izan politikan eta marxismoan" (221. or.). "Erlisionea politika bilakatzen hasi zen" (167. or.), dio Xiprik, erlisioneak politikaren zerikusirik ez balu bezala, politika hitzaren zentzurik onenean zein txarrenean. Nola uste izan lezake horrelakorik Jesus erreboltariaren dizipulu denak? Xiprik areago dio: "Elizak marxismoa beretu ordez, marxismoak (zuen) Eliza beretu" (138. or.). Marxismoak beretu ote zuen Jesus bera ere? Haren Zoriontasunak ez ote daude hurbilago Marxen utopiatik, Elizaren dogma, kultu eta kode kanonikoetatik baino?

1968ko Maiatza da bigarren errudun nagusi. "Debekatzea debekatua" aldarrikatu zuen Pariseko kaleetan. Dena libre da. Hamar agindu zurrun eta zahar haiek askatasunaren hiru paradisu berri atseginetan laburtzen dira: Sea, sex and sun (212. or.) (itsasoa, sexua eta eguzkia), eta paradisu horietan ez da lekurik Elizarentzat, eliztar xumeak nahiz kleriko handiak itsasorik eta sexurik eta eguzkirik gabe, aingeruen gisan, bizi bailiran. Kontsumismoa, "sexukeria", libertinajea horra gure mundu poskomunista eta poskristauaren gaixotasun larriak. Baina Eliza, edonon dela ere, orbangabe da. Zer diozu, baina? Gaitz hilgarri horiek eta beste hainbat ez ote dira garatu, hain zuzen ere, mila urtetik gora kristaua izan den gizartearen baitan, hierarkiaren gidaritza ziurraren pean? Ez ditzagun orain eskuak garbitu, Pilatok bezala.

"Kontestazioz kontestazio, hau ken, hura ken, hutsa zen gelditu" Eliza (58. or.): esaldi arin biribil horretantxe laburbiltzen du Xiprik bere analisi historiko berezia, Jesus kontestalaria guztiz ahazturik. Horregatik ezin du eraman Baionako elizbarrutiko hainbat kristau eta apaiz kritiko agertu izana euren gotzain Marc Ailletekiko, erlijio nahiz politika arloan ultraeskuindar nabarmena baita. Lehen kapituluko lehen parrafoko lehen lerroan hasten du "Zu bekatari" aitorpena: gogor, eta bidegabe, salatzen ditu bere elizbarrutiko 60 apaiz euskaldun eta bearnes, intolerante jotzeraino, 2017an go-tzainari buruz emandako adierazpen kritikoa ("Mourenxeko dokumentua") dela eta. Kexu da Xipri, Elizaren beherapena sala-tzeko adierazpenik sinatu ez dutelako, "hori baita funtsezko arazoa" (135. or.). Gotzainaren lekuan balego, diosku, galdera batez erantzungo lioke apaiz kontestalariari: "Hire moldeekin norat eraman duk Eliza? Bide bera har dezagun nahi huke orain, apalago erortzeko?" (116. or.). Eliza eroraraztea eta elizak hustea: "Hori izan da zenbaiten ametsa duela mende erdi" (117. or.). Labankada anker eta bidegabea, bizitza luzea kristau-elkarteen zerbitzuan zintzo asko eman dutenen bihotz-bihotzera. Tripako min, errudun-bilaketa eta salaketa, guztian Xipriren obsesioa ageri da: elizak beteta eta apaizak ugaltzen ikustea. "Apaizik gabeko eliza ez da sanoa", idatzi zuen behin Hemen aldizkarian. Apaizen kopuruak erakutsiko luke Elizaren osasun-maila. Eskerrak, beraz, hamarkadetako beherapenaren ondoren, apaiz-kopurua gorabidean dela berriro Aillet gotzainaren eskutik. Zifrak eskaintzea eta konparaketak egitea maite du Xiprik, bere Eliz eredu arras klerikala bermatze aldera. Esate baterako: Aillet gotzain jarri zenean (2008an), apaizgai bakarra zen elizbarrutian; handik hamar urtera (2018an), 30 ziren (erdiak Afrikatik etorriak, hori bai; ez du esaten, ordea, gaur egun lau seminarista besterik ez direla elizbarruti osoan ); azken zortzi urtetan, hamaika apaiztu dira; aurreko hamarkadan, berriz, bost. Hori da, dio Xiprik, "alde baikorra". Apaiz-kopuruaren gorakadan jarria du esperantzarik onena. Nazareteko profeta laikoari, profeta heretiko iraultzaileari, guztiz arrotza zitzaion, alafede, Eliza klerikala oinarri duen esperantza hori, tenpluari eta apaizeriari aurre egiteagatik kondenatu baitzuten. Baina haren bizi-arnasak, bizidun ororen arnasa oroberritzailearekin bat, bizirik dirau erlijio eta eliza eta dogma guztiez harago.

Eraldaketa batetik sortu zen Jesusen mugimendua, etengabe eraldatuz bizitzeko eta eraldatzailea izateko, hazia lurrean eta legamia orean bezala galtzeko, guztiaren onerako galduz guztian guztiz izateko. Beste kukurruku bat merezi luke honek, baina ez dakit horretarako garaiak ote diren.