Aurten beteko dira 500 urte, 1521eko maiatzaren erdialdean, Nafarroako Henri II. Zangozarraren tropak Iruñean sartu zirela. Iruñarrek bibaka eta goraka hartu zituzten erresuma askatzea zetozen indarrak.

Biztanleak matxinatu egin ziren hiria okupatzen zuten gaztelar soldadu eta mertzenarioen kontra. Historia itzulipurdika jartzeko aukera ikusi zuten, Nafarroa berriro euskalnafarren eskura itzultzeko aukera alegia.

Bederatzi urte lehenago, 1512an, Gaztela-Aragoiko ejertzitoek Nafarroa (Garaia eta Beherea) inbaditu zutenean, Joan Albret eta Katalin Foixkoa Nafarroako errege-erreginak honen Biarnoko bizkonderrian babestu ziren. Bertan jarraitu zuten bizirik errege-etxea, Gorteak eta erresumaren egitura juridiko, ekonomiko eta politikoak.

Bertatik eta etengabe, antolatu zituzten erresuma berreskuratzeko saioak: 1512koa eta 1516an Petri Mariskala buru izan zuena dira ezagunenak.

1503ko apirilaren 18an, Zangozan, Nafarroako lurralde hori erresuma subiranoa eta independentea zen garaian alegia, jaio zen Henrike II.a Albret Foix Nafarroako erregea izango zena, "zangozarra" deitua. Bere guraso eta erresumako egitura guztiarekin erbesteratu zena Bearnora.

Zuzenean bizi eta tartean esku hartu zuen gurasoek antolatu zituzten Nafarroa berreskuratzeko lehenengo ekimenetan. Bere ama hil zenean, 1517an, koroatu zuten errege Henrike II.a; ondoren, bere esku zegoen 1521ean Nafarroa guztia berreskuratzeko enegarren ahalegina. Frantziako erregea Nafarroaren aliatua zen, baina Parisek ez zuen troparik bidali. Gerra hura ez zen "bere gerra". Derrigorrezkoa da garaiaren testuingurua ezagutzea, zeren eta ez dira gutxi pasarte guzti hauetan eta aurten oroitzen dugun "Noaingo batailaren" V. mendeurrenaren kontakizunean, frantsesen eta espainolen arteko gerra ikusten duten historialariak. Hori, soilik horrela gerta daiteke 1512ko Nafarroaren kontrako konkista zilegitzat ematen bada eta gaurko ikuspegitik ari badira. Alegia, konkista eskubidea ontzat eman eta euskalnafarrei euren lurraldea berreskuratzeko zilegitasuna ukatzen badiete.

Ikuspegi eskizofreniko hori baliatuta Nafarroa bere borondatez zati bat Frantzian eta bestea Espainian barneratu zela kontatzen dute. Hau da, Nafar frantsesak nafar espainiarren kontra aritzeko Beaumondarren eta Agramondarren arteko borroka besterik ez zela. Eskerrak eman behar al dizkiegu Fran-tziari eta Espainiari, mende eta erdi geroago Bidasoan eskutik helduta, Pirinioen muga banaketaren 1659ko Itunean "bakea" hitzartu zutelako?

Kontakizun horren aurrean beharrezkoa da gauzak beste modu batera azaltzea, hau da, aurten 500 urte gertatu zena beste ikuspegi batetik kontatzea: Gaztelako Komuneroen matxinada piztu zenean, Iruñean zeuden tropa espainiarrak hiriburutik atera egin ziren. Juan Esteban Manrique de Lara, Naiarako kondeak nahiago izan zuen Tordesillara joatea ohore bila Iruñean porrota jasotzeko arriskua jasan baino. Baskoien hiri-buruzagian bertan tropa txiki bat utzita ihes egin zuen. Bertan geratu zen jende haien artean, Naiarako kondearen basailu eta gaztelarren alde borrokatzen zuen Inazio Loiolakoa zegoen.

Egoera hura aprobetxatuz Henrike II. Nafarroako erregeak 9.000 laguneko tropa bildu eta 1521eko maiatzaren erdialdean Iruñeko ateetan zegoen. Tropa hura euskalnafarrez (Nafarroa Behereko soldaduz, zangotzarrez, erronkariarrez), biarnesez, gaskoinez eta mertzenarioz ere osatua zegoen. Guztien buru, Italiako gerran eskarmentua handia zuen Andre Foixkoa, Henriren lehengusua amaren aldetik.

Erregeari itxaron gabe, Iruñeko jendea espainiarren kontra matxinatu zen. Soldadu gaztelarrak barruko gotorleku batean zokoratu ondoren, Henri, Henri oihukatuz, atea zabaldu zioten euren erregeari. Henri II.a Nafarroako erregearen tropak suntsitu zuen Inazio Loiolakoa aterpetua zegoen gotorlekua eta bertan gertatu zen zauritua. Etsaitzat zuen Xabierko etxearen familiako batek eraman zuen gero Loiolara.

Horra hor, historia bera beste ikuspuntutik kontatua. Aukera aparta 2021eko maiatzean, bosgarren mendeurrena garaipen baten ospakizunarekin hasteko eta ondoren, galdutako abaguneak gogoratzeko. Historiografia ofizialak dioen bezala, Frantziako Frantzisko I. gerra honetan benetan sartu izan bazen, Logroñoraino iritsitako nafarrek benetako aliatua izango zuketen. Ez zen horrela izan. Gauza bera gertatuko zen gero etorriko zirenetan: 1522an, Amaiurren eta 1524an, Hondarribian.