Zer garrantzi gutxi ematen diogun buruari, eta zenbaterainoko baldintzatu egin gaitzaken egunerokotasunean, onerako edo txarrerako. Munduan sortutako arte ederrak edo ideia onenak buruan jaioak izan dira. Pentsatzen duguna gara. Norbaiti zerbait bururatzen zaio eta, ekintzara pasatzen, idea horrek obra bihurtzen du, gure gozamenerako. Baina txanponaren beste aldea ere badago, eta gaizki erabilita burua armarik hilgarriena izan daiteke. Beraz, bakoitzak egin dezala aukera, beti ere kontuan hartzen sentimenduak pentsatzen duenaren araberakoak izango direla. Nire buruak, adibidez, okerreko bidea erakusten dit usu, eta horrek adi egotera behartzen nau. Egia da, jaio garen lekua edota familiaren testuingurua erabakigarriak izan daitezkeela. Baina era berean, zailtasun handiak gainditzen dakiten pertsonez beteta dago mundua, eta irmotasunari esker, errealitatea gure alde jar daiteke. Neurri handi batean, errealitatea gure pentsaerak sortzen du. Egunero esaten badut ergela naizela, argi dago azkenean zer izango naizen. Beraz, heldu diezaiogun irmotasunari, hain gustuko dudan esaldi horrekin batera: paso corto, mirada larga, paciencia, dedicación y llegará la ocasión. Gaurkoz, behintzat, nire askatasunaz gozatzeko asmoa dut apaltasunez, txori baten hegaldiaren antzera.