taliako Alderdi Komunista zenaren egoitza zaharra luxuzko hotela izango da gutxi barru. Erromako Via delle Botteghe Oscuren dagoen eraikuntza historikoak 70 gela izango ditu eta goiko terrazan jatetxe bat, luxuzkoa jakina. Zaharberritze lanetan fatxada errespetatuko dute eta eraikuntzaren barruan dauden zenbait ezaugarri mantendu, tartean Giò Pomodorok diseinatu zuen sarrera, lurrean txertatu zuen bost puntako izar urregorrizkoarekin, horma batean ikus daitekeen Antonio Gramsciren busto marmolezkoa eta kristal baten atzean dagoen Parisko Komunaren bandera.

Nik ez dakit inoiz zer egin sinbologiaz beteta iristen zaizkidan albiste horiekin, ez dakit nondik heldu; sinboloak arriskutsuak izan daitezke anbiguoak direlako, esanahi bat har dezakete eta, aldi berean, kontrakoa. Jorge Riechmann poeta eta filosofoak uste du albisteak gure munduaren "siniestroa" zehatz-mehatz deskribatzen duela, baina ez dakit zer esan nahi duen hor "siniestro" hitzak: Freud-ek ematen zion zentzua, beldurgarria dena edo larritasuna sortzen duena, ezagutzen dugun baina ezkutatuta egon beharko lukeen alde ezeroso hori? Agian arrazoi du. Beste batek garai baten amaiera ikusi du Bottegone deitzen zuten eraikuntzaren eraldatzean, baina garai horiek aspaldian amaitu zirela iruditzen zait, dagoeneko beste garai batean bizi garela. 1991ean desagertu zen Italiako Alderdi Komunista.

Gure artean gero eta gazte gehiagok komunista hitza aldarrikatzen dute jende askoren harridurarako; badirudi asko horientzat komunismoa museo-gai baino ez dela kasurik onenean, Gramsciren aurpegia edo Parisko Komunaren bandera ikusteko aukera xanpain garestia edaten den bitartean. Edo agian ez: 2016an jaio zen Italiako Alderdi Komunista berria.

Erroma jainkosak bekain bat, ezkerrekoa ziur aski, altxatu du albisteaz jabetzean; aldaketa asko ikusi du eta oraindik harrituta dago kristautasunak lortu duen arrakastarekin, jainko-jainkosentzat denbora ez da ezer. Hilkorren-tzat, aldiz, denbora, desberdinkeria eta justiziarik eza dena da.