orixe datua Soziolinguistika Klusterrak jakitera eman duena. Euskararen kale erabileraren neurketari dagokiona. Zortzitik batek darabilgula. Ez dakit zer espero genuen baina irakurketak kolore guztietakoak izan dira. Azkenean, gailentzen den ahotsa, ez dela datu txarra. Klusterreko adituek, aurrera begirako proposamenen artean, narratibaz aldatu beharra nabarmendu dute, eskubideen eremua are eta gehiago landu premia azpimarratuz. Baita arnasguneak jagotea eta gaztetxoenek ikastetxean ikasitakoa, ikastolatik kanpo ere erabili ahal izatea. Globalizazioaren aroan, datuok ez direla txarrak ondorioztatu dugu, egindako lan eskergari fruituak eman dituela aitortu beharra daukagula. Eta halaxe da. Egin den lana egin izan ez balitz, portzentajeak beste kopuru batzuk emango baitzituen.

Hizkuntza baten erabilera ez du, ordea, hezkuntza sistemak (bakarrik) bermatuko, ezta eskubide ororen aitortzak ere. Hizkuntza bat erabiliko badugu, erakargarria, erraza eta erosoa delako izango da, hizkuntza horrekin ondo pasatzen dugulako, nonahi erabili dezakegulako, gure behar guztiak asetzen dituelako edota edonorekin harremanetan jartzeko balio digulako. Komunitate ireki eta eskuzabal baten parte garela sentitu nahi dugulako. Hurrengo erronka, bada, ezagutza bultza-tzen jarraitzeaz gain, euskara aniztasunaren eta elkarbizitzarako elementu batera-tzaile gisa ulertzea izango da. Batzen, errespetatzen eta integratzen gaituen elementu gisa defendatzea. Handitzen gaituen arrazoi bilakatzea. Herri honetan bizi garenon amankomuneko nortasunaren elementuetako bat bezala definitzea. Horretarako, ordea, euskal herritar guztiongan halako konpromiso bat sortu eta landu beharko dugu, erdal hiztunak gure eguneroko herrigintza eremuetara erakartzeko eta berauetan kateatu daitezen. Sistema bat sortu beharko dugu, zeinaren bidez, euskaraz bizi ez diren herritarrak (bertokoak zein etorkinak) integratuko ditugun euskaraz bizi(ko) garen herrira. Norbanako bakoitzak hartu beharreko konpromiso horrek, alabaina, herri itun indartsu bat beharko luke babes. l