Zer dela eta trajea jantzi, konbentzio bat baizik ez bada. Eta trajea diodanean ez naiz derrigorrez txaketa eta galtza jokoaz ari, baizik eta okasiorako janzteaz. Lanerako bada ere.

Aurreko astelehenean, EITBren 40. urtemuga ospatzeko Guggenheim museoan egin zen ekitaldian parte hartu zuten askotarikoen artean, lehen lerroetan jarri ziren trajedunek hartutako erabaki guztiak ez direla egokiak izan entzun dugu astean zehar. Zalantzarik ez hartutako erabaki guztiak ez zirela egokienak izango, ez eta nahikoak ere. Baina EITB, demokraziarako trantsizioan eta ondoren ere, herri egin gaituen elementu nagusietako bat izan dela ezin da ukatu.

Hala ere, beti dira ahotsak egindakoari baino egiteke dagoenari areago begira hitz egiten dutenak. Egindakoa aitortu beharrean, egiteke dagoena salatzen dutenak. Eta egiten duenari (ez nekerik eta izerdirik gabe) esker ona agertu beharrean (neurrian bada ere), ez nahikotasuna agertzen diotenak.

Trajearekin ere halatsu. Badirudi trajez janztea atzerakoia eta klasista (beste "ista" batzuk ez aipatzeagatik) dela. Trajedunek erabakiguneak eta handik kanpo gelditzen direnen arteko distantzia areagotzen dutela.

Nire amak gai hauetaz ez zekien asko. Edo bai. Jostuna izan da ogibidez. Eta ondotxo zekien giza harremanetan jantziak jokatzen duen rolaz. Sariren bat jasotzea egokitzen zi-tzaidanetan, soineko berri bat josten zidan. "Ez da zugatik" esaten zidan (gehiegi harrotu ez nendin), "baizik eta saria eman dizutenengatik". Eta hala ikasi nuen, nire jarreraren eta jantziaren bidez agertu behar nuena bestearenganako errespetua zela. Bestearengan pentsatzea zegokidala. Begirune osoz nire presentzia (edo lana, edo iritzia...) hobetsi zuten haienganakoa.

Konbentzioez haratago, jarrera kontua da jantziarena. Besteari errespetua nola erakutsi, esker oneko nola izan, bat egiteko gogoa agertu. Ekitaldiari (eta lana egin duenari, eta ez gutxi), dagokion aitortza egitekoa.

Bizikidetzaren kodeetako bat da. Egun guztiak ez baitira astelehen. Eta egindako lan guztiak ere ez ahuntzaren eguerdiko eztul. l