ona azken egunotako hiru argazki ezberdin. Batetik, Estatu Batuetako Auzitegi Gorena abortatzeko eskubidea murrizteko ahaleginetan, 1973tik abortua legezkoa izan denean EABn. Bestetik, Irene Montero, Espainiako Berdintasunerako Ministroa, hileroko mintsuak dituzten emakumeentzako lanean baja hartzeko eskubidea defenda-tzen, aipatu baja lehenbiziko egunetik hartzeko aukerarekin eta egun kopururik zehaztu gabe.

Eta, hirugarren momentua, Julian Erasoren, Itzuliaren zuzendariaren eskutik etorri zaigu. Emakumezkoen Itzulia ia derrigortuta antolatu behar izan dutela adierazi eta emakumezkoen kirol frogak moda kontua direla azpimarratuz. Adierazpenongatik barkamena eskatu ondoren ere, esamesa ekarri dute bere beste hitz hauek: emakumezkoen Itzulia gizonezkoena bezain zirraragarria izatera heltzea espero duela.

Nola uztartu hiru argazki hauek? Zaila da sinestea hiruak batera(tsu) gertatzen ari zaizkigunik ere. Baina nola kokatzen dituzte emakume gazteek hiru argazki hauek? Bada, lehenbiziko argazkia ez dute kokatzen. Ezin dute ulertu duela ia 50 urte lortutako eskubide baten inguruan nola atzera egin daitekeen. Beraiek jaiotzetik ezagutu duten eskubide baten gaineko eztabaida nola berpiztu daitekeen ere. Zeintzuena ote den emakumeak eskubidez gabetzeko beharra. Bigarren argazkiak mutu utzi ditu asko eta asko. Medikuarekin konpontzekoa den egiteko bat emakumearen eskubidea ote den galdetzen dute. Emakumearen aurka ahotsa igotzeko beldurrak harategi ez ote garamatzan. Baina isilik mantendu dira (badaezpada ere).

Hirugarren argazkiari dagokionean, sutu egin dira emakumeak, batez ere, kirolariak eta kirolzaleak direnak. Kirolean ere berdintasunez aritzeko eskubideaz harago, eta emakumezkoen kirol frogak gelditzeko lortu direla aldarrikatzeaz gain, nola adierazi zirrara zer den gizonkote hauei? Ez al dute emazte, arreba, alaba kirolaririk? Ez al dituzte ahalduntzen somatzen? Beren egunerokoan hobetzen? Zerk, bada, zirrara gehiago, egunero bere mugak gainditzen ari den gizarte bat (bere osotasunean) eratzen ikustea baino?