agun batek esan dit nire aurreko zutabeaz gogoratu dela jakin duenean Sánchez presidentea eta Robles ministroa ere zelatatuak, antza, izan direla. Berrirakurri dut zutabea eta bukaera aldean Gobernukoak ere gutxi barru espiatuak izango direla idatzi nuen, estatuak ez baitu inoiz barkatzen. Ez nuen pentsatzen astebeteko epean iragarpena egia bilakatuko zenik. Profezia? Iragarpen politikoak egiteko ahalmena izango dut agian? Hala balitz, “enprendore” jarri eta enpresa bat ireki beharko nuke, edo telebista kate bati programa bat eskaini nire profeziak mundu zabalera botatzeko, edo egunkari honi diru gehiago eskatu, edo zientzia (sic) politikoetan doktore titulua lortu besterik gabe. Baina serio jarrita, ziur naiz edozein irakurleri gauza bera pasatu zaiola burutik.

Susmagarria da Espainiako gobernuak egin duen aitorpena. Hedabideetan, gainera, Emmanuel Macron eta Romano Prodi, besteak beste, zelatatuak izan zirela agertu da. Beraz, zergatik kexatzen dira katalanak? Azken finean, Robles ministroak adierazi zuen moduan, katalanak lege barruan izan dira espiatuak, berme demokratiko guztiekin. Baina nork espiatu ditu Sánchez eta Robles? Estatu sakonak? Lagun marokoarrek? Aliatu (ugazaba) estatubatuarrek? Etsai errusiarrek? Beraiek espiatu dituzte haien buruak zikinkeria zikinkeriaz estaltzeko? Hasieran esan ziguten estatuek bakarrik zutela Pegasus sistema, baina orain apurka-apurka hasi da hortik agertzen enpresa handiek ere sistema hori erabili dutela. Ez litzateke harritzekoa izango, gaur egun multinazionalek estatuek baino botere handiago dutela ez du inork ukatzen. Bilbon dagoen kristalezko dorre hori espioitza gune bat dela esango balidate, sinetsi egingo nuke. Beraz, mundu guztia zelatatua izan bada, zer axola du abokatu katalan batek? Erantzukizunekin gertatzen den bezala (guztiok erantzule bagara, inor ez da benetan erantzule), espioitzaren kausak eta ondorioak ere urtu egingo dira jaki puskez beteriko zopa ustel batean.

Edo, agian, gutxi barru (hor doa profezia) zelatatua izana curriculumean jarri beharko da garrantzi handiko norbait zarela frogatu ahal izateko.