aur, oraindik, ikurrin batzuk ikus daitezke balkoietan zintzilikatuta, atzoko Aberri Egunaren lekuko. Gertuko iraganaren oihartzuna, jada.

Hiru ikurrin gogoratzen ditut aurtengoan ere balkoian jarri dudanaren aurretikoak. Lehenbizikoa, amonaren etxean. Eskutrapu bat zen. Ur handian arrantzan ibiltzen zen osabak mugarik ezagutzen ez zuen lurralderen batetik ekarritakoa. Amonak izara artean gordeko zuena. Guardia Zibilek, etxeko armairu guztiak hankaz gora jarri ondoren aurkitu eta eramango zutena. Bigarrena, ikurrina legeztatu ondokoa da. Argazkia gordetzen dut oraindik etxean. Aitak menditik makila-adar luze-luzeak ekarri zizkigun seme-alaboi, puntan ikurrina lotu eta kalean barrena aireratzen ibiltzeko. Zerumugari kilimak egin genizkion gure ikurrinaren makila-adar luzearekin. Eta, hirugarrena, gurasoek neurrira egitea eskatu zuten ikurrina izan zen. Etxeko balkoi osoa harrapatuko zuena, punta batetik bestera. Kotoi onekoa egin zuten, azpian forro gorriarekin, “betirako”. Bi lagunen artean zintzilikatu behar izaten zela gogoratzen dut, zuen pisuarekin, eta espazio nabarmena hartzen zuela ganbarako arasan, gordetzen genuenean. Ikurrinak bere leku propioa zuen. Orain, toki askotan eros daiteke ikurrina. Baita bestelako ikurrak ere. Denak batera aurki ditzakezu nahas-mahasean denda askotarikoetan. Beste bat gehiago balitz lez. Beste banderekin batera. Futbol talde ezberdinetako bufandekin txirikordatuta. Partida baterako nahiz jai baterako izan, berdin da, merke-merke.

Aurten, ekitaldi batean, ikurrin bat oparitu didate. Merke horietakoa. Eta zerbait irauli da nire baitan. Ezin ulerturik zergatik oparitu didaten, niri, ikurrina. Ez dut esango irain gisa hartu dudanik. Baina ia-ia. Ez dut aitortuko trapu baliogabetua ikusi dudanik nire esku artean. Baina ia-ia. Norbaitek, nire intimitatean handia zen ikurraren erabilera merke-zurra egin duela sentitu dut. Eta pobretu egin nau. Gaur, balkoi batzuetan ikurrinak daude dindilizka, norbaitek duintasunez jaso ditzan oihuka.