asa berri den asteburu honetan Zartada izeneko ekimena antolatu da Gasteizen. Gazte egitasmo bat, gazte mugimenduak saretzeko helburuz sortua eta gazte mugimendu ezberdinetako kideek antolatuta.

"Dena onartzeko presta gaude?" galdera izan omen da abiapuntua. Eta saiatu dira gaur egun gazteek nozitzen dituzten gatazka sozialei edo errealitateari erantzuna ematen. Ekimen interesgarria bezain beharrezkoa. Ez pandemia osteko irakurketa egiteko bakarrik, baizik eta hemendik aurrera eraiki behar den gizartean gazteek ahots propioz parte har dezaten baizik. Ea belaunaldien arteko arrakalarik gabe egitea lor-tzen den.

Ekimena antolatu duten kideei irakurri diet esaten, besteak beste, euskararen auzia "beren auzi" egin behar dutela. Euskara gaur egungo egoerara heltzeko beren gurasoek egin zuten lanari jarraipena ematea dagokiela. Borrokatzen edo lanean jarrai-tzeko premiak ez direla bukatu. Beraiei dagokiela, orain, konpromiso hori hartzea. Atseginez irakurri ditut adierazpenok, heldu asko beldur baiginen, gazteek "dena eginda" dagoela uste ote duten, "borrokatu beharreko eremurik" ikusten ez ote duten, edota bizi dugun errealitate hau beraiena ez dela" sentitzen ote duten.

"Non dira gazteak?" galderari erantzutera dator ekimen hau eta bestelako gazte mugimendu askotarikoenak ere. "Eginda dagoenaren gainean" hausnartzeko plataforma. Zeren eta "dena onartzeko presta gaude?" galderaren oinarrian, eginda dagoenaren gaineko onarpen edo ez onarpen galdera dago. Ez hainbeste, "dagoen hori" eraiki-tzeko gaztearen rola zein den eta gaztearen ahotsak non eta nola behar duen ezbaian jartzea. Horixe izan baita azken urteotan (eta pandemia garaian ere) falta izan dena. Konpromisoa erakustea batetik eta, bestetik, hausnarketa eta erabaki guneetan gazteen ahots kualifikatu edo ordezkatuari bere lekua aitortzea.

Ez da beranduegi, ordea. Etorkizun oso bat baitugu eraikitzeko. Gazteak, orain arte hautsi ez den kateari eusteko ezinbesteko katebegiak dira. Kateari heldu ahal izateko aukera behar dute bakarrik.