Geopolitika arkanoz beteriko zientzia da Iban Zalduak Twitterren esan duen moduan. Eskuzabalegia da Zaldua zientzia hitza erabiltzen duenean, baina ez nuke jakingo nik nola deitu geopolitikari. Estatuen arteko harremanetan egon daiteke hipokrisiaren goien gradoa? Atzo adiskidea izan zena gaur kaletik ozta-ozta agurtzen den ezagun lauso bat izan daiteke. Goizeko etsai amorratua lagunaren kategoriara sar daiteke ilunabarrean. Etsaiaren etsaia laguna izan daiteke, edo ez. Interesek, interes ekonomikoek batez ere, erabakitzen dute nor den etsaia, adiskidea, laguna, ezaguna.

Hori guztiak zerikusia du azken aldian Maduro venezuelarrak izan duen antzaldatzearekin, eta barkatu erlijio-hizkeratik datorren hitza aukeratu badut, baina Madurorekin gertatzen ari dena miraritik gertu dago. Geopolitika teologiaren adar bat izango da? Pasa den astean Maduro diktadore desatsegin bat zen, presidente izaera bera ukatzen zitzaion, bereziki Guaidó izeneko batek bere burua Venezuelako presidente izendatu zuenetik. Gaur Maduro Nicolás Maduro presidente jauna da berriro ere. Non ibiliko da presidente autoizendatua? Estatu Batuetako senatuan, Europako Batasunean, EAJn eta Guaidó onartu zuten guztien artean malabarismoak egongo dira orain egoera berrira egokitzeko. Hedabideak, azkarragoak egokitzapenak egin behar direnean, hizkera aldatzen hasi dira, eta Venezuelara itzultzen ari diren herritarrak (lehen diktaduratik alde egin behar zuten erbesteratuak) erreportaje gai dira dagoeneko.

Arrazoia Ukrainako gerran dago eta, beraz, Errusiako petrolioan eta, beraz, Venezuelako petrolioan. Petrolioak Maduro lagun egin du egun batetik bestera. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Agian bihar Iran lagun kategoriara pasatu daiteke (aste honetan bertan Kurdistan irakiarreko Erbil hirian omen zegoen Israeleko inteligentzia zerbitzuko egoitza bonbardatu duen arren), edo India etsai kategoriara. Geopolitika arkanoz beteta dago, zinez.

Venezuelako presidentea laster San Maduro izango da, Europaren salbatzailea.