krainako gerra hasi zenean kazetariak, analistak eta nazioarteko harremanetan adituak, gero eta ugariagoak bestalde, "datozen egunotan" zer gertatuko aritu ziren, baina berehala esamoldea aldatu eta "datozen asteotan" entzuten hasi zen gero eta maizago. Orain "datozen hilabeteotan" nagusi da, eta "datozen hilabeteotan" dioenak "auskalo noiz arte" dio. Urteari, gainera, bederatzi hilabete luze geratzen zaizkio oraindik; ez dut pentsatu nahi zeintzuk izango diren gerra mugatzeko erabiliko diren hitzak hemendik gutxira. Baikortasunak ez du etorkizun handirik.

Hala ere, baikorrak agertu dira: gerra dela eta, zerbait ikasiko dugula esaten dute, hipokrisia ageriago izango dugula (Errusiari zigor ekonomiko itzelak jarri baina Errusiari gasa eta petrolioa erosi, adibidez), mendebaldeko gizarteetan daramagun kontsumo zoroaz jabetuko garela, nazioarteko harremanetan dagoen faltsukeria nabarmen geldituko dela, besteen sufrimendua ulertzeko erabiltzen ditugun neurri desberdin ankerrek eztanda egingo digutela eta abar. Ez dakit. Pandemiaren garaian ere antzekoa entzun genuen, zerbait ikasiko genuela, elkartasuna handituko zela, osasun sistema publikoak indartuta aterako zirela. Bi urte geroago galdetzen diot nire buruari non daude asmo on horiek guztiak. Bestalde, Ukrainako gerrarekin ikasiko dugun hori ez genuen aldez aurretik ikasia? Ala belaunaldi bakoitzak gerra bat behar du aurreko belaunaldiak ikasi eta guztiok jadanik ahaztu duguna berrikasteko? Agian mundu globalizatuan gerrak inoiz baino gertuago ditugu eta gerraren eraginak inoiz baino gordinago iristen zaizkigu etxeraino, baina ez dakit zer ondorio atera daitezkeen hortik.

Nik baikortasun bakarra negoziazioetan ikusten dut. Turkian Ukrainako eta Errusiako atzerri ministroak bilduko direla, ondo. Txina zerbait egiten hasi dela, ondo. Bielorrusian laugarren txanda hastear dagoela, ondo. Eta bosgarrena, eta seigarrena. Macronek bitartekari lanak erabili nahi dituela hauteskundeetan abantaila lortzeko? Berdin zait. Ea ez garen galtzen "datozen urteotan".