gunkari bateko iritzi orrialdeetan idazten duen edozein pertsonarentzat Espainiako PPrekin gertatzen ari dena altxor agorrezina da, horri gaineratzen badizkiogu Nafarroako UPNko diputatu ederrek antolatu duten saltsa, gehi UPNk eta PSNk sinatu omen duten itun misteriotsu edo ez hain misteriotsu hori, eta Euskal Herri osoan EAk, kongresuarekin edo kongresurik gabe, dituen istiluak, altxorra biderkatzen da itsaslapur beldurgarrienek ere amestu ezin zuten punturaino.

Ni, aldiz, aho zabalik eta nondik jo jakin gabe geratzen naiz aberastasun horren guztiaren aurrean: nagiak atera behar ditut EAkoaz idazteko, hor gertatzen denaz jabetzeko egin beharreko ahaleginak eskergak iruditzen zaizkit, kontua zaharra da, gainera, eta gaurkotasunak ez du errepikapen aspergarririk maite; UPNkoaz den bezainbatean, beldur naiz ez ote didaten aurpegiratuko ni ez naizela nafarra eta ea zer egiten dudan nafarren aferaz idazten era friboloan eta sakontasunik gabe (guztiok gara nafarrak, ados, baina ez hainbeste); PPkoa luzeagoa da.

Ikuskizuna ikaragarria da. Une batez gidoilari talde pare bat atzean dabilela pentsatu dut (onena Ayusorena). Egunkariek erabiltzen duten hizkera (ez dakit nor sakrifikatu, ez dakit noren burua eskaini) iradokitzailea da: une batez Ayuso Salomeren paperean irudikatu nuen, eta Egearen edo Casadoren burua zilarrezko erretilu batean. Kontakizunaren norabide-aldaketak gero eta bihurriagoak: borreroa biktima da bat-batean, eta biktima borrero. Osagai batzuk, hori bai, betikoak dira (ustelkeria, espioitza). Estrak ere agertu dira Gora kateak! kalean oihuka.

Dena dela, hasieran guztia irribarre maltzurrez ikusten banuen ere, apurka-apurka irribarrea desagertu eta kezkak nagusitu zaizkit. Beharbada 78ko erregimenaren hamaikagarren krisiaren aurrean gaude, baina badakigu 78ko erregimena krisietatik ateratzeko gai dela, beti eskuinerago, noski, eta krisi honetatik ere aterako dela, eskuinerago, muturrarekin topo egin arte. Ikuskizuna, orduan, ez da hain emankorra izango, ezta zutabegileontzat ere.