rkullu lehendakariak, aurreko asteko Legebiltzarraren kontrol saioan, aro berri bati ekiteko tenorea iritsi dela iragarri zuen. Izurriaren seigarren olatua bukatu ez bada ere, pandemiaren erakusle guztiek joera positiboa erakusten dutela eta zuhur jokatu beharra dagoela aitortu arren, fase berri batean sartzen garela azpimarratu nahi izan zuen. Fase berriak Euskadi berrabiaraztea eta eraldatzea izango dituela xede aipatu zuen: ez pandemia aurreko egoerara bueltatzeko, baizik eta berreskuratze eta indartze prozesua eraldaketara bideratzeko. Esparru sozioekonomikoa suspertzeaz gain, gizartearen egoera emozionala eta ziurgabetasuna gainditzea izan zituen hizpide.

Lehendakariak Legebiltzarrean baikortasun hau erakusten zuen bitartean, niri, kultur eragile baten mezua heldu zitzaidan telefonora. "Kulturarentzako ez dira garai onenak" ziostan (nahiz eta "sekula ez dira hain okerrak izan" esan nahi zuen), izurriteak kultur taldeetan izan duen eraginaren ondorioak agertzeaz gain, kulturaren suspertze lanean aritzeko indar gabezia salatzen zidan.

Eta ezin bi gaiak batzea ekidin. Aro berri bati hasiera eman behar baldin badiogu, iraganera bueltatuko ez dena, berrabiarazte eta eraldatze prozesua bera ere aurrekaririk izan ez bagenu bezala kudeatu liteke. Gizartearen egoera emozionala gainditzeko, esparru sozioekonomikoaren suspertzearekin batera (ez lehenengo bata eta gero bestea), arlo kulturalaren parte-hartzea bermatzea eta sendo-tzea da beharrezkoa. Ekonomia eta kultura. Herria herri bilakatzen duten ardatz nagusiak. Behinik behin txikiak. Batez ere bitxiak direnak. Munduan kokatzea helburu dutenak.

Aukera paregabea dugu, beraz, berrabiarazte prozesu horretan, lehenagoko adierazleetara lehenagoko estrategiekin ez bueltatzeko. Gure herriari oparotasuna bakarrik ez eskatzeko. Oparotasuna nortasun indartsu baten eraikuntzarako baizik ezin baita defendatu.

Aukera paregabea, beraz, arlo sozioekonomikoaren suspertzeari, kulturaren suspertzearekin batera ekiteko. Herritarrak emozio berriz janzteko.