Orain dela gutxi, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko guraso batzuek seme-alabak "baserritarrez" jantzita bidaltzen dituztela ikastoletara jakin izan dut (kontzertatuetara? Ikastolek hala eskatuta? Noiztik?). Ez dut uste bide okerragorik egongo den mundu honetan ditxosozko egun hori ospatu, hizkuntza indartu (hori baldin bada helburua, behintzat) eta, bestaldetik, baserritar eta nekazarien lana preziatzeko. Azken hogei edo berrogei edo hirurogei urteetan egindako lan guztia horrela zapuztea erdiragarria da, negargarria zinez. Topikoa topikoaren gainean metatu eta goi-goian beste topiko handiago bat jartzeak euskara kaltetu baino ez du egiten. Alferrik kexatuko gara euskarak jasan behar dituenak ikustean, gu geu euskara folklore hutsera kondenatzen badugu.

Aste honetan bertan euskararekiko sinpatikoa (Atxagaren sailkapen hura gogoratuz) izan da nahi duen zutabegile batek euskarari "liluragarria" eta "zaila" deitu dio Espainiako egunkari ezkertiar batean, iparraldeko hizkuntzekin konparatu du (ez galdetu zergatik) eta euskarazko kantetan (ez galdetu zeinetan), gainera, ezer ez ulertu arren, "harri gaziak, baserria eta ausardia" entzuten dituela idatzi du. Barkaberak gara horrelakoekin (gehiegi agian), asmo onak antzeman nahi ditugulako, baina badakizue zer esaten den asmo onez.

Bitartean, ETBk euskaldunak gaztelaniaz hitz egiten jartzen ditu (azpitituluak deabrua baino gaiztoagoak dira), baina, hori bai, "ongi etorri" behin eta berriro errepikatzen du jakingo ez balu bezala euskaldunen belarrietarako Ongi etorri a Provenza eta horiek jostorratzak baino mingarriagoak direla (orain arte behintzat). Euskaraz hitz pare batekin esatearekin nahikoa da, kupoa bete da, ongi etorri a donde sea eta gora folklore txarra.

Itxaropentsu, apurtxo bat, izateko badago oraindik motiborik: euskaldunok gauza arruntez eta gauza apartekoez hitz egiten segitzen dugu betiko moduan, patetismotik gertu (Atxaga berriro), Uxue Apaolazak liburu gogoangarri bat idatzi du, Iban Zalduak beste bat, lagunek ostiralean gelditzeko deitu didate.