run, Hendaia, Biarritz, Errenteria, Donostia eta Hondarribian irailaren 10etik 26ra bitartean gauzatzen ari den dantza ikuskizun ibiltaria da Dantza Hirian. Hiriz hiri, hiriko kale eta plazetan. Mugaren alde batean eta bestean egiten den dantza garaikidearen erakusketa bizia da, mugaren alde bateko eta besteko hirietako kaleetan eskaintzen dena. Bozgorailu bat bakarrik behar da musika aireratzeko, eta kale lau bat, dantzariek han eta hemen egiten dena partekatu ahal dezaten eta ezagu-tzera emateko. Proposamen ezberdinek harritu gaitzaten uzteko. Aberatsago senti-tzeko.

Kalean dantzariak ikusi ditudanean, datorren ostiralean Nafarroako Parlamentuan mugaz gaindiko espazioen inguruan burutuko den hausnarketa, azterketa eta parte-hartze prozesuaz gogoratu naiz, Europaren baitan areago integratzeko aukerak irekitzen dizkigun lurraldeaz, hain zuzen ere. Bertan aztertuko baitira, erronka globalen aurrean, Europar Batasuneko mugaz gaindiko espazioek nola lagundu dezaketen lurraldeen arteko elkarlana sustatzen eta lurraldeen arteko kohesio ekonomiko eta soziala bideratzen.

XXI. mendeko Europaren eraikuntzan zeresan handia dute eta izango dute mugaz gaindiko lurraldeek, dantzan jarri ditugun hiriek. Europa hurbilagoa, gizatiarragoa eta efizienteagoa egin eta sentitu nahi badugu, mugaz gaindiko lurraldeen garapena ere orekatua izan dadin sustatu beharko baitugu. Eta, horretarako, lurralde horietako eguneroko bizitza ezagutu beharko da, lurralde ezberdinen arteko garapenerako beharrak zeintzuk diren zehazteko eta bizikidetza hobetzeko proposamenak lantzeko.

Dantzan, hirietan, erraz ikus daiteke elkarlanerako aukera. Nork bere erritmoa du, nork bere musika, gorputza sentitzeko eta mugi-tzeko nork bere modua. Dantzak kaleetan harrapatu gaituen hiritarrok, jantziagoak gara orain. Mugaz gaindi sortzen eta bizitzen den errealitateaz kontzienteagoak. Eta hurbilago gaude. Askoz ere gertuago, bestearena eta "elkarrena" denaz. Bizitzan eta elkarbizi-tzarako, dantzan bezalaxe, pausu zuzenak ematen ikasi behar baita. Elkarrekin.