skok mota guztietako metaforak, seinaleak eta ispiluak antzeman dituzte Jeff Bezosen bidaian: gure jendartearen indibidualismotik hasita, gure eredu sozioekonomikoaren liberalismo basatiraino, munduko suntsitze prozesuan guk guztiok dugun erantzukizuna ahaztu gabe. Egia esan, iritzi-emaileak, zutabegileak, pentsalariak, artikulu labur zein luzeak idazten dituzten akademikoak eta ez hain akademikoak gero eta gehiago Babiloniako astrologoak bezalakoak dira (gara), zerua aztertzen zutenak etorkizuna zedarrituko luketen seinaleen bila, edo Erroma zaharreko apaizak, sakrifikatutako animalien erraietan geroak zer ekarriko igarri nahian.

Nik, gero eta eszeptikoagoa, ez dut metaforarik ez seinalerik ez ispilurik topatu, aitzitik, Jeff Bezos horren abenturan betikoa ikusi dut ("nihil novum sub sole", ezer berririk ez eguzkipean): aberatsen betiko banitate zaharra, besteon gainetik daudela erakutsi beharra, harropuzkeria; eta hori lortzeko langileen esplotazio ezaguna, Bezosek berak aitortua. Aspaldiko garaietan banitatea asetzeko Versailles edo El Escorial bat eraikitzen zuten, edo herriko parrokian kapera berezia senitartekoak bertan hilobiratzeko; gaur egun, espazioan hamar minutu igarotzea da moda; biharkoan, auskalo.

Ez dut ukatuko Bezosen balentrian indibidualismoa edo liberalismoa agertzen direnik (por-tzierto, zergatik ez ditugu berreskuratzen liberalkeria eta bakoizkeria zahar haiek?). Hala da. Neoliberalkeriak itotzen gaitu. Zalantza gehiago ditut munduko suntsitze prozesuan eran-tzukizuna gu guztiona dela esaten denean: guztiok erantzule bagara inor ez baita benetan erantzule. Aberastasuna ez bada banatzen, zergatik banatu behar dira orduan eran-tzukizunak? Amazonen zerbait erosten duenak, Amazoneko langileak eta Amazoneko jabeak ez dituzte ardura berberak, eta kontrakoa sinestarazten digutenean, engainatzen gaituzte. Erantzukizunak mugatzen hastea premiazkoa da.

Espazio bidaien historiaz idatziko dituzten liburuetan paragrafo bat lortu du Jeff Bezosek. Asko ere ez dirudi, eta arriskutsua da hori. Bere banitatea egarri izango da laster.