atzuetan, gutxiegi kexatzen garela iruditzen zait... Hasi berri dugun aste honetan milaka ikasle aurkeztuko dira selektibitateko azterketa egitera. Era bateko edo besteko etorkizunaren ateak irekiko dizkien ditxosozko frogara. Horietako asko etxean sartuta daude, ikasi beharra dagoelako batetik eta, bestetik, pandemia egoera honetan, covid-19az ez kutsatzeko. Hori gutxi ez izanik, askok, selektibitateko azterketarekin batera unibertsitate ezberdinetarako frogak dituzte, bai teorikoak eta bai praktikoak, selektibitatea baino egun bat lehenago, edo eta selektibitatearen osteko egunetan, ostiralean bertan hasita. Unibertsitateez gain, atzerriko hizkuntzetako tituluak lortzeko azterketak ere, egutegian batera datoz (guk bi aldiz aldatu behar izan dugu atzerriko hizkuntzari dagokion ahozko frogarako data).

Eta hori guztia gutxi ez dela, non deitzen didate telefonoz, anbulategitik, "halakoren" ama ote naizen galdezka. Nik baietz. Pandemia dela eta, Meningokokosaren aurkako txertaketa atzeratuta geratu zaiela azaldu dit aurten 18 urte betetzen dituzten neskatoei eta, beraz, txertaketa kanpaina abiatu dutela, eta data emateko deitzen didatela. Eta zein proposatuko didan egutegia? Ekainaren lehenbiziko hamabostaldia.

Ez direla data egokiak esan diot. Alaba azterketaz josita dudala. Txertoa hartzera joan beharraz gain, eta horrek suposa dezakeen arriskuaz, txertoak berak eragina izan dezakeela eta egun hauetan ez dela gomendagarria adierazi diot. Telefonoz bestaldekoak, "jende guztiak" gauza bera esaten diola erantzun dit, suminduta. Egia dela adierazi diot, txertoa jaso beharreko ikasle horiek selektibitatea eta gainontzeko azterketa zerrenda oparoa dutela. Ez ote diren konturatzen.

Azkenean, alaba zerrendatik kanpo geratzen zaidala jakinarazi dit. Aurrerantzean, gurasoon esku geratzen direla alabari txertoa emateko egin beharrekoak.

Horregatik nioen, batzuetan, herritarrok gutxiegi kexatzen garela. Exijentzia maila gero eta gorago jartzen ari gatzaizkie gazteei. Bidea errazteko begiramen oso gutxirekin, ordea.