lpinista Gasteizera iritsi da azkenik. Beste alpinista asko ere iritsi dira auskalo nora Nepal zorigabea atzean utzirik. Azkenik. Alpinistek asko sufritu dute Nepal dohakabe horretan. Alpinistak lasai asko zeuden Nepalen euren gauzak egiten: mendietatik ibili eta filmak egin, batez ere; tira, egia da alpinista askok mistizismoaren bideak ere jorratzen dituztela (oxigeno faltagatik agian). Pandemiak dena izorratu du.

Gasteizera azkenik iritsi den alpinistak esan digu gaitz guztien errua Nepalgo Gobernuak duela, handik ibiltzeko baimenak eman zituela asko pentsatu gabe, eta alpinista gaixoek, asko pentsatu gabe ere, baimenak onartu zituztela munduan gertatzen ari dena ahaztuta. Baina, alpinistak kontsultatu gabe, pandemiak Nepal zoritxarrekoa aukeratu zuen hedatzeko, eta bertako agintariek, munduko edozein agintarik azken urtean egin bezala, herrialdea itxi zuten. Alpinisten artean alpinistenak berehala erabili zituen ospea eta pribilegioak Nepaletik ezin atera zegoela mundu osoari jakinarazteko; hedabide guztiak, euskaldunak zein erdaldunak, ezkerrekoak eta eskuinekoak, aritu zaizkigu alpinista gaixoaren gorabeherak aletzen, Katmanduko dendak eta jatetxeak (jatetxeak!) itxita dituztela eta abar. Alpinisten kexek oihartzuna izan dute azkar eta enbaxadak edo Atzerri ministerioak edo dena delakoak (espainiarrak, noski) hegazkina jarri die alpinistei. Alpinista gasteiztarrak hegazkin txartela garesti ordaindu duela behin eta berriro errepikatu digu (agian ez dago ohituta hegazkin txartelak ordain-tzen). Mundu osoan jendea itxita egon da, ezin herrialdetik atera eta harrapatuta, baina pribilegiatuek (infantak, alpinistak...) beti aurkitzen dute modua ataka guztietatik ateratzeko.

Jakina, zutabe hau guztia unpopular opinion da, inork, edo ia inork, onartzen ez duen iritzia, hiztegiaren arabera: zer egingo diot, gurean jende gehienak maite ditu alpinistak. Nik Gasteizko udal jainkoei eskertzen diet egunero alpinistarik alpinistenaren izena duen kalean ez bizitzea, gutxienez.