agun musikariak dituen eta musikaria ez den pertsona bakar horietakoa naizela esan nezake. Santa Zezilia egunean, taldean bakarrik ez uzteagatik, ni ere zoriondu egiten naute eta ni, pozik. Horixe nire atsegin handiena. Lagun musikariekin hitz egiteko estakurua izatea. Urtero pasatu izan dizkidate Santa Zezilia egunean han eta hemen jotako egitarauak, hemengo edo hango grabazioak, kontzertuetan herritarrekin ateratako argazkiak€

Aurten, ostera, igandea isilean pasatu dugu. Goizean ez da ohiko txistularirik aditu kaleetan barrena. Kale kantoietan ez da musika-talderik nabarmendu. Tabernak, noski, itxita eta abeslariak falta. Eliza atariak hutsik.

Gogoratzen dut aitak nola esaten zidan, Santa Zezilia eguneko ospakizuneko elizkizunean, apaiza sermoiari lotzen zitzaionean, koruko atzeko atetik ateratzen zirela musikariak, organo-jolea barne, eta huraxe izaten zela musikarien momentua, eurena bakarrik zena, elizaren eta gurasoen aginduak haustekoa, musikagatik eta musikarentzako egiten zutena. Musikarien arteko anaiartekotasuna berotzeko.

Igaro berri dugun igandean, bada, ez da horrelakorik egon. Ez musikarien artean, ez Euskaraldian parte hartzekoak diren milaka belarriprest eta ahobizien artean ere. Ez, bederen, nire inguruan.

Otzanduta gaude. Birusaren beldur. Makal. Egunari tokatzen zaiona emateaz ere ahaztuta. Ikaratuta. Etxe zuloan sartuta.

Zer nolako muga da musikari bat musikarik ez jotzera bideratzen duena? Zer nolakoa hiztun bat paparrean txapa jantzita kalera atera-tzea mugatzen duena?

Ezagunak zaizkigun mugak muga, mugarik handiena norberak norbere buruari jartzen diona da. Eta oztoporik handiena, ezinezkoa dela pentsatzea. Musika jotzea eta entzutea ez dago debekatuta. Ez eta euskaraz hitz egitea edo euskaraz hitz egiten entzutea ere.

Nire herriko koruko atzeko ateak hor darrai. Norbaitek irekitzeko prest. Ausarten baten eskuaren zain. Ausardia ere, mugekin batera, gure buruan dago. Kanpora ateratzen asmatu behar dugu, bada, eta atea gurutza-tzen jakin, anaiartekotasuna elikatzeko. Herria bizirauteko.