ztailaren 12ko hauteskundeetako hautagaien argazki gehientsuenetan gazteak agertzen dira liderra babesten eta azken honen pausuak jarrai-tzen. Inguruan, ostera, gazteengatik kexua eta gaizki esana besterik ez da entzuten, orain, batez ere, normaltasun berria delakoan, gazte batzuengan edo gazteen ohitura batzuetan, gaitzesgarriak liratekeen portaerak antzeman direlako.

Entzuten da, baita ere, gaur egungo gazteak euren zilbor zuloari begira bizi direla, indibidualistak direla, interesen arabera mugitzen direla edota ez dutela esperien-tzia nahikorik halako edo bestelako karguetan edota batzordetan aritzeko. Eta arrazoi gehigarririk gabe gelditzen garenean, ez zaiela konpromisorik nabari esanez azkentzen dugu.

Aniztasuna bultzatzeaz hitz egiten dugunean ahoa asmo onez betetzen zaigu baina generoaz gain, bada adina ere aniztasun horren mesedetan kontuan izan beharreko beste aldaera bat eta erraz ahanzten du-guna.

Belaunaldien arteko ulermena betidanik izan da zaila, gaztea beti datorrelako "ezberdina", garai berriei begirako ikuspegia duelako, behar berriei erantzungo diena.

Gazteen konpromiso mailaz zalantza egiten badugu, galdetu behar dugu, lehenik eta behin, zergatik ez ote den konpromiso hori gauzatzen. Zeren eta baliteke gazteei konpromisoak hartu beharko lituzketen eremu horietan sartzeko aukera handiegirik eman ez izana, edota zaharkituta dauden moldeetan egin izana, edota gazteei inolako protagonismorik eta erabaki gunerik eskaini eza izatea arrazoia. Edo baliteke, eskaintzen zaien etorkizunak edo etorkizuna lantzeko bideak beraien begikoak ez izatea, edo sinpleki, beraiekin kontatu gabe pentsatutako etorkizuna ez dela beraien etorkizuna sentitzea.

Gaurko gazteek zirkin egiteko kemenik ez dutela, konpromisorik ez dutela hartu nahi edota ez daudela prestatuta esanez aritu beharrean, ondorio hauetara iritsi aurretik, edozein hausnarketetan gazteekin kontatzea proposatuko nuke. Hauteskundeetako hautagaien argazkietan agertzen baldin badira, ulertzen baitut, ez dela ondo gelditzeko bakarrik izango.